Mendi ibilaldi bietako parte hartzaile kopurua batuta,
300 bat pertsona batu ziren atzo Ajangizeko mugen arteko martxan.
12 urtetik beherako ume eta gaztetxoak kontuan hartu barik, 153 herritarrek egin zuten 20 kilometroko ibilbidea. 11 kilometrokoa, berriz, 140 nagusik burutu zuten. Oinez egiteko martxa izan arren, bi pertsonak korrika egin zuten ibilbide luzeena; Xabier Zabala ajangiztarrak ordubete eta 40 minututan amaitu zuen.
11 kilometroko martxaren parte hartzaileak.
Argazkia: Ajangizko Udala.
Antolatzaileek izandako giro ona nabarmendu dute, eta 11 urte hauetako parte hartze altuena izan delako pozik daude.
Betiko moduan, Ajangizeko plazan hasi eta amaitu zituzten ibilaldiak, eta amaieran hamaiketako ederraz gozatu zuten. Ibilaldi luzekoak 08:30 aldera irten ziren, eta ordubete beranduago abiatu ziren ibilaldi laburreko partaideak. Amaieran bakarrik ez, ibilbidean zehar bi hornidura gune (Mentzetan eta Arrietagane basora doan bidegurutzean) izan zituzten indarberritzeko.
20 kilometroko martxaren parte hartzaileak.
Argazkia: Ajangizko Udala.