Euskal Herriaren “askapenaren borrokaren alde” egin dutenen aldeko hainbat oroimen ekitaldi ospatu dituzte gaur goizean Gernika-Lumon. Astrako babeslekuaren ondoan dagoen belardian egin dute ekimen nagusia. Bertan, “belaunaldiz belaunaldi Euskal Herriaren aldeko borroka” ez dela gelditu aldarrikatu dute, ezta ere “jasatako errepresioa”.
Txalapartaren soinuarekin eman diote hasiera ekitaldiari, eta Lauaxeta eta Sarrionandiaren olerkiak aipatu dituzte. Besteak beste
, Iñaki Gara, Blanca Salegi eta Jesus Mari Markiegi ‘Mutriku’, Jose Mari Arrazola, Alberto Garcia, Juan Luis Lekuona ‘Kattu’, Jon Erezuma, Joan Carles Monteagut edota Ina Zeberio gogoratu dituzte omenaldian.
“Gaur gudari guztiak eta borrokalari guztiak oroitu eta omentzeko aukera daukagu”, esan dute, “gudari bezala gure herriaren alde eta askatasunaren alde borroka egin zutelako, estatu faxistaren aurka zeukaten onena, zeukaten guztia eskaini zutelako”. Gudariek egindakoagatik, “pixkana bagoazela, herri honek inoiz baino sendoago ditu bere helburuak, eta horren lana, borroka, konpromezua eta maitasuna haiek eskaini zigutena dira, irakatsi ziguten eredua dira”.
Omenaldia bukatzeko, bertsoak abestu eta aurreskua egin dute, gudarien omenez jarritako plakaren aurrean. Oihu artean, terroristak barik, “bakearen alde egiten duten gudariak” direla aldarrikatu dute. Ekainaren 9an mobilizazio bat egingo dutela aipatu dute, Gernika-Lumoko juntetxearen ondoan elkarretaratzea eginez, 20:00etan.
“Amets gorriak”. Juan Kaltzada kalearen 47an eta Pablo Picasso kalean ere egin dituzte omenaldiak, bertan eraildakoak gogoratzeko. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Iñaki Garai, Blanca Salegi eta Jesus Mari Markiegi gogoratu ditu, horientzako krabelin gorriak jarriz erail zituzten tokian, “beraien ametsak ere gorriak zirelako”.
Azken omenaldia Inaxi Zeberiori egin diote Pablo Picasson, jendetza bilduz bertan. Gernika-Lumorentzako maiatza eta ekaina “memoria lantzeko garaiak” direla adierazi dute ekitaldian. Gudarien erailketekin “gertatu zenaren egia jakitea” eskatu dute, “ez mendekuagatik, egi guztiak barnebilduz lortuko delako herri honetan benetako elkarbizitzaren bidean urratsak ematea”.
Horretarako garaia “badela”, adierazi dute, eta “inoiz ez dela berandu” esanez eman diote bukaera omenaldiari, aurresku batekin eta baita “Eusko Gudariak” abestuz bertaratutakoen artean.