Larrinaga jauregia ezin dela eraitsi dio Ondareak
Euskal Kultura Ondareak argitu du Mundakako Larrinaga jauregia ezin dela eraitsi, babestuta dagoelako.Larrinaga jauregia estilo neobarrokoko XIX. mendeko eraikina da, eta Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Babestutako Ondasunen Katalogoan da...
Larrinaga jauregia estilo neobarrokoko XIX. mendeko eraikina da, eta Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Babestutako Ondasunen Katalogoan dagoela jakinarazi dute Ondarearen Zentroko kideek. «Ematen zaion babes maila lehenengo kategoriakoa da, gradu osokoa», azpimarratu dute. Jauregia, hortaz, kalitate handia duten babestutako eraikinen multzoan dago.
Hori dela eta, zuzendaritzak argitu du Larrinaga jauregia eraistea debekatuta dagoela, eta bertan egiten ari diren obrek «zaharberritu behar diren elementuen osotasuna bermatu» beharra daukatela.
Gaur egun jauregiaren azpian lurrazpiko 110 lekuko aparkalekua ari dira eraikitzen. Zain Dezagun Urdaibai elkarteak salatu duenez, udalak ez ditu bete aipatutako planaren barruan dauden eskatutako beharrak aparkalekuaren lanak aurrera eramaterakoan: «Jauregiaren soto- an aldaketak egin dituzte aparkalekurako lanak hasterakoan, eta atzeko aldean kokatuta zegoen horma bat eraitsi dute, udalak emandako baimenagaz».
Ikuskaritza beharra
«Alkateak dioenez, jauregia ez dago Babestutako Ondarearen Katalogoan, baina hori ez da egia, eta obrentzako emandako baimenak legez kanpo daude», salatu dute elkarteko ordezkariek; «Larrinaga jauregia ezin da ez osorik ez eta ere partzialki eraitsi». Horrez gain, baimen berri baten beharra aldarrikatu dute; ezinbestekotzat jo dute egindako erreformak adituek gainbegiratzea.