Larrinaga jauregia ezin dela eraitsi dio Euskal Kultura Ondareak
Euskal Kultura Ondareak Mundakan aurkitzen den Larrinaga jauregia ezin dela eraitsi argitu du.
Larrinaga jauregia estilo neobarrokoko XIX. mendeko eraikina da, eta Mundakako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Babestutako Ondasunen Katalogoan aurkitzen dela adierazi dute Ondarearen Zentrotik. “Ematen zaion babes-maila lehenengo kategorian aurkitzen da, osoko graduarekin”, azpimarratu dute, jauregia kalitate handia dutelako babesten diren eraikinen multzoan aurkituz.
Hori dela eta, zuzendaritzatik Larrinaga jauregia eraistea debekatuta dagoela argitu dute, eta bertan egiten ari diren obrek “zaharberritu behar diren elementuen osotasuna bermatu” beharra dutela.
Gaur egun jauregiaren azpian lurrazpiko 110 plazako aparkalekua eraikitzen ari dira. Zain Dezagun Urdaibai elkartetik salatu dutenez, udaletik ez dituzte aipatutako planaren barruan dauden eskatutako beharrak bete aparkalekuaren lanak aurrera eramaterakoan: “jauregiaren sotoan aldaketak egin dituzte aparkalekurako lanak hasterakoan, eta atzeko aldean kokatuta zegoen horma bat eraitsi dute, udalak emandako baimenagaz”.
Ikuskaritza beharra. “Alkateak dioenez jauregia ez da Babestutako Ondarearen Katalogoan aurkitzen, baina hori ez da egia, eta obrentzako emandako baimenak legez kanpo daude”, azaldu dute elkarteko ordezkariek, “jauregia ezin da ez osorik ez partzialki eraitsi”.
Horrez gain, baimen berri baten beharra aldarrikatu dute, “egindako erreformak adituek gainbegiratzea ezinbestekoa” dela esanez.