Euskadiko Fitness Txapelketa lehiatuko dute Gernika-Lumon, zapatuan
Beste urte batez fitness munduko kirolarien bilgune izango da Lizeo Antzokian. 16:30ean hasiko da txapelketa; txarteldegia 15:30ean zabalduko dute.
Aurten ere bost modalitate lehiatuko dituzte: fitness neurri baxua eta altua, body line hasiberriak eta fitness-a, eta nesken bikini. Oraindik ere izena eman daitekela zehaztu dute antolatzaileek. Horretarako, Santanape Kiroldegira bertaratu edo deitu behar da: 94-625 00 45. Zapatu goizean ere izena eman ahalko da, 10:30etik 13:00etara.
35-40 bat parte hartzaile espero dituzte. “Urtero antzeko kopurua izaten dugu. Momentuz dakigunaren arabera, Iker Herrero izango da eskualdeko bakarra; body line hasiberrietan lehiatuko da”, esan du antolakuntza taldeko Edu Lekunberrik.
Sariak. Modalitate guztietan lehenengo hirurentzat dago diru saria, eta fitness kategorian koreografia onena egiten duenak eguzkitako betaurrekoak jasoko ditu, Arrien Optikaren eskutik. Era berean, fitness baxuko zein altuko lehenengo sailkatuek asteburuko egonaldi bana irabaziko dute.