Ekainaren 3an (domeka) egingo dute Gernika-Lumoko proba;
Urdaibai Kopako hirugarren mendi lasterketa izango da.
www.urdaibaikopa.eus atarian izena eman behar da.
Mendi martxetan izena ematean 10 euro ordaindu behar dira; 14 urtetik beherakoek 4 euro ordaindu behar dituzte. Mendi lasterketa eta BTTko izen emateari dagokionez, federatuta daudenek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu gabeek, berriz, 14 euro.
Iaz moduan, aurten ere
elkartasuna eta kirola batuko ditu Mendi Jaiak, euro solidarioarekin. Oraingo honetan izen emate bakoitzeko euro bat Donohue sindromea duen
Maialen Aulestia umeari laguntzeko izango da (
#gomaialen ). Donohue Sindromea gaixotasun arraro bat da, ez dago tratamendurik edo sendabiderik sindrome horri aurre egiteko. 50 kasu ezagutzen dira munduan; Espainiako estatuan hiru kasu diagnostikatu dituzte, eta gaur egun, Maialen Aulestia da gaixotasun horregaz dagoen ume bakarra.
Iaz Wolf Hirschhorn o 4p- Sindromea Fundazioari 1.000 euroko txekea eman zioten, gaixotasun arraro horren ikerketan laguntzeko.
17,5 kilometro izango ditu mendi lasterketaren zein martxa luzearen ibilbideak, eta martxa laburrarenak 8,5 kilometro. BTT martxan ere bi ibilbide daude aukeran: 28 kilometrokoa eta 42 kilometrokoa.
Martxa luzea egingo dutenentzat 09:00etan jarri dute irteera-ordua; 09:30ean BTTko txirrindularientzat; 10:30ean korrikalarientzat, eta 11:00etan martxa laburreko parte hartzaileentzat.
Ibon San Migelek eta Amaia Jauregik irabazi zuten iazko lasterketa.