Sollubeko tunelaren proiektua berreskuratzeko mozioa onartu du udalak
Aho batez onartu dute mozioa maiatzeko osoko bilkuran. 2012. urtean proiektua bertan behera gelditu zen. Guzanekoek. adierazi dute herriarentzako «proiektu garrantzitsua» delaBermeoko Udalaren maiatzeko osoko bilkuran Guzanek Sollubeko tunelaren proi...
Aho batez onartu dute mozioa maiatzeko osoko bilkuran. 2012. urtean proiektua bertan behera gelditu zen. Guzanekoek. adierazi dute herriarentzako «proiektu garrantzitsua» dela
Bermeoko Udalaren maiatzeko osoko bilkuran Guzanek Sollubeko tunelaren proiektua berreskuratzeko mozioa aurkeztu zuen, eta udalak aho batez onartu zuen.2011. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Meñaka arteko proiektua onartu zuen. Proiektuak Sollube gainditzeko bi tunel eta Bermeon saihesbideagaz konexioa zehazten zituen. Hala ere, 2012. urtean obren kontratua bertan behera geratu zen. Ordutik hona proiektua geldituta egon da, hori abian jartzeko baldintza ekonomikoak ematen ez zirelako. Aurten, baina, obra publikoko inbertsioak martxan jartzeko ahalmena dagoela adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak, ekonomiaren martxa ona nabarmenduta.
Hori dela eta, Guzanek aurkeztutako mozioagaz aldundiari proiektua atzera ere esku artean hartzeko eskatu nahi diote, herriarentzako «proiektu garrantzitsua» delako, Xabi Ortuzar taldeko udal bozeramaileak gogoratu duenez.
Sollubeko tunelak «Bermeoren ekonomiaren garapenean, herritarren mugikortasunean eta garraio publikoan eragin positibo handia» izan dezakeela adierazi zuen Ortuzarrek, eta orokorrean, «bermeotarren bizi kalitatean hobekuntza handiak» ekarriko lituzkeela: «Gaur Bermeo eta Mungia arteko errepideak sortzen dituen eguneroko arazoak atzean utzi eta irteera bizkor, seguru eta erosoa eskainiko lieke herritarrei».
Bestalde, Guzanek adierazi du Eusko Jaurlaritzak kudeatutako Bermeoko portu komertzialak merkantzia mugimendurako sarbide aproposa izango lukeela Sollubeko tunelekin, eta horrela, «herriaren ekonomian aukera berriak sortzeko iturri» bihurtuko litzatekeela.
Garraio publikoaren aldetik, «Bermeo eta Bilbo arteko garraio publikoari bultzada» emateko funtsezkoa dela azpimarratu zuten. «Pasa den urtean herritarrek Bilborako autobusak ordu erdiro jartzea eskatu zioten aldundiari, eta erantzuna ezezkoa izan zen, erabiltzaile kopururako garestiegia litzatekeelako. Sollubeko tunelekin bidaia laburragoak eta, beraz, autobus berekin bidaien frekuentzia handitu ahalko litzateke kostua handitu barik. Erabaki estrategikoa da garraio publikoa bultzatzeko», esan zuen Ortuzarrek.
Adostasuna
Udaleko gainerako taldeak ados agertu ziren proposamenagaz. Benito Ibarrolaza alkateordeak proposatu zuen proiektua aurrera eramateko proposamena foru aldundiari «denek batera» eramatea.
Aritz Abaroa EAJko udal bozeramailearen berbetan, tunelak «ekonomia suspertzeko aukerak» eskainiko ditu, baita «segurtasuna hobetzekoak» ere.