Lur Uribarren patroia Urdaibain ariko da aurtengo denboraldian
Vicente Carpinterok Urdaibai arraun taldeko patroi izateari utzi dio, eta Lur Uribarren elantxobetarrak hartuko du haren lekua. Ekainaren 24an Bilbon hasiko dute TKE ligako klubek aurtengo denboraldia, eta Bou Bizkaia trainerua zuzentzeko prest egongo da Uribarren.
Joseba Fernandez Urdaibairen entrenatzaileak jakinarazi duenez, Carpintero taldetik alboratzearen erabakia “guztiz teknikoa” izan da; hala, aitortu du berea soilik izan dela erabakia. “Aurredenboraldian jarri genizkion gutxieneko konpromiso batzuk, eta hilabete hauetan, gutxieneko horietara ailegatu ez dela ikusi dut. Ez da izan jarrera txarra izan duelako”.
Fernandezek jakitera eman du momentu hauetan Eneko Bilbao dela “protagonista” eta harek duela “abantaila”, aurretik egindako “lan sakonaren ondorioz”; dena den, “horrek ez du esan nahi patroi titularra izateko ateak itxiko zaizkiola”, azaldu du gipuzkoarrak. Uribarrenen etorreragaz pozik da entrenatzailea, eta Bilbaori “lagungarria” egingo zaiola aipatu du. “Leku berean egon den eta ondo ezagutzen duen pertsona bat aldamenean izateak lagundu” egingo diola deritzo.
Hasi da Uribarren taldeagaz entrenatzen, eta zapatuan Ondarroan lehiatuko den estropadan egingo du denboraldiko lehen debuta.
“Aurretik Urdaibain aritutakoa da Lur, eta taldearen ezagutza dauka. Bermeoren egoera eta filosofia ezagutzen ditu”. Esperientzia daukan patroia dela azpimarratu du, eta goi mailako entrenatzaileekin aritutakoa dela gaineratu du. Uribarreni ere gutxieneko maila hori ematea eskatuko dio entrenatzaileak. Hala ere, elantxobetarrak taldean aritzeko agertutako ilusioa nabarmendu du, eta horrek erabakia hartzen lagundu diola aitortu du. Elantxobetarrak hurrengo denboraldian ere taldean jarraitzeko asmoa agertu diola aitortu du entrenatzaileak.
Azken bi denboraldietan ez da arraun ligan aritu elantxobetarra, eta 2015. urtean Portugaleteko taldean izan zen. Aurten, 2018ko denboraldia talde bermeotarrean egingo du; 2011n alderantzizko bidea egin zuen patroiak, Urdaibai utzi baitzuen Portugaleteko taldera joateko. Azken bi urteetan ez da itsasoratu, baina Portugaleten egindako azken denboraldian taldea lehen mailan mantentzea lortu zuen.
Carpinteroren agurra. Bou bizkaia traineruagaz zazpi bandera irabazi ditu Carpinterok; horietako lau patroi titularra izanez. Joseba Fernandezek taldeko zuzendaritzat izan zuen Carpintero azken denboraldiko Euskadiko eta Espainiako txapelketetan, eta bietan lehenak izan ziren bermeotarrak.