Kerik Gabeko Astea ospatuko dute Bermeon eta Gernikan
Tabakoaren Kerik Gabeko Astea ospatuko dute maiatzaren 25etik 31ra, eta horretarako, ekintza ugari antolatu ditu Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI).
Bermeon, esaterako, herri-ibilaldia egingo dute barikuan, eta Gernika-Lumon, berriz, elkarretaratzea egingo dute egun berean. Tipi-tapa Osasunaren bila! lelopean ospatuko dituzte ekintzok aurton, eta herritar guztiak animatu dituzte horietan parte hartzera.
Bermeoko Osasunaren Tokiko Sareak 13:00etan emango dio hasiera ibilaldiari, Kultur Etxea eta Musika Eskola alboko aterpetik. Jone Aretxederreta Bermeoko Osasun Zentroko medikua eta ordezkaria, Koro Garmendia eta Raquel Garaye Osasun Publikoko ordezkariak eta Benito Ibarrolaza Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente eragilea eta Bermeoko alkateordeak aurkeztu dute ekimena.
Aretxederretaren berbetan, Osasunaren Tokiko Sareak hainbat elkartek osatzen dute: besteak beste, Bermeoko Udalak, OSI-Barrualde-Galdakako eta Osasun publikoak eta herriko farmaziek. Herriaren osasuna bultzatzeko proiektuak sortzea da sarearen helburua, eta besteak beste, erorketak saihesteko tailerra eta herriko ibilbide osasuntsuak egin dituzte.
Azaldu dutenez, Osakidetzaren helburu estrategikoa tabakismoari aurre egitea da, eta horren ondorioz, Tabako-Kerik gabeko Euskadi proiektua martxan jarri du, eta programa hori Osasunaren Mundu Erakundearen MPOWER planaren barruan kokatuta dago. Proiektuaren helburua tabako-kearen eraginik jasango ez duten pertsonen mundu bat lortzea da.
Tabakoaren kontrako ibilbidea
Hain justu, martxa horrekin “tabakismoa osasun arazo larria dela” ikustaraztea bilatzen dute antolatzaileek, “adizioak sortzen dituen gaixotasuna, eragin sozialak eta osasun eraginak dituena eta saihestu daitezkeen gaixotasunen eta heriotzen arrazoi nagusia mundu guztian”. Aretxederretak esan duenez, “guretzat tabakoaren aurkako borroka oso garrantzitsua da, gure osasuna babesteko ardatzeko bat”.
Horrela, Kultur Etxetik hasitako ibilibidea Lameran bukatuko dute, eta bertan kontzentrazio bat egiteko asmoa daukate. “Herritarrek tabakoa zein kaltegarria izan daiteken jakitea nahi dugu, eta denon artean horren kontra lan egin behar dugula ikustea”, argitu du Osasun Zentroko ordezkariak: “ibilaldiagaz jendearengana hurbildu nahi dugu, horrela Bermeon tabakoaren kontra egiteko zer eskaini ahal dugun erakusteko”.
Osasun Zentroan tabakoa erretzeko ohitura kentzeko tresnak dituztela azaldu du Aretxederrak: “banakako saioak egiten ditugu profesionalekin, eta urtean birritan edo hirutan taldeko saioak antolatzen ditugu, horietan 10-15 pertsonako taldeegaz 8 inguru sesio egiten ditugu urtean zehar”. Bermeoren kasuan, iaz 36 herritar izan ziren tabakoa uzteko prozesua hasi zutenak, eta horietatik %30ak tabakoa utzi dutela ziurtatzen dute. “Tabakoa uztea posiblea da”, azpimarratu du ordezkariak.
Horregatik, Aretxederretak herritar guztiak animatu ditu herri martxan parte hartzera eta galderak egitera: “denok gaude bat tabakoaren kontra egiteko”.
Elkarretaratzea, Gernika-Lumon
Bermeon ez ezik, Gernika-Lumon ere, egingo dute bat Tabakoaren Kerik Gabeko Egunagaz. Gernikaldeako Lehen Arreta Unitateak Gernikako osasun zentroagaz batera, elkarretaratzerako deia egin du barikurako. Herriko osasun etxearen aurrean jarri dute hitzordua 14:00etan, eta ordu erdiz izango dira bertan. Hala, tarte horretan, erretzeari uzten laguntzeko tokian tokiko informazioa emango dute, eta bertaratutakoek beraien zalantzak argitzeko aukera ere izango dute.
Lekeition, aldiz, Kerik Gabeko Astearen baitan, osasun etxearen aurrean mahai informatiboak jarriko dituztela jakitera eman dute.