Euskararen Plan berria egiteko lehen saioa, etzi
2014-2017 aldiko Euskararen Plan Estrategikoa amaitu eta gero, orain, plan berria egingo duela jakitera eman du Ondarroako Udalak.Prozesuari «dagokion garrantzia emateko», Udal Euskara Batzordeak herriko euskararen errealitatea ondoen ezagutzen duten...
Prozesuari «dagokion garrantzia emateko», Udal Euskara Batzordeak herriko euskararen errealitatea ondoen ezagutzen dutenen iritziak bildu nahi ditu. «Ezagutza hori daukatenak herritarrak dira, eta, ondorioz, herritar guztiekin egin nahi dugu lan hori».
Azaldu dutenez, Euskara Batzordeak parte hartze prozesu bat deituko du, eta bi saiotan banatuta egongo da: etzi egingo da lehenengo saioa, eta ekainaren 7an, berriz, bigarrena. Saioak 18:30etik 20:30era egingo dira, Kofradia Zaharrean. «Bi saioetan gaiak elkarlanean jorratuko dira, eta aztertuko dugu euskarari bultzada emateko Ondarroan aldeko ditugun aukerak». Oro har, planak herrian euskara normalizatzeko arloz arlo bideratu behar diren ekimenak jasoko ditu.
Lehenengo saioan azken lau urteetan egindakoa aurkeztu eta aurrea begira zer indartu behar den zehaztuko dute. Eta bigarren saioan, ostera, lehen saioan egindako ekarpenak zehaztuko dituzte. «Horretan ahaleginduko gara ekintza batzuk gehiago zehazten. Ondarroan Euskaraldia modu kolektiboan lantzeko zer egin ahal dugun ere aztertuko dugu».
Saioetan parte hartu nahi dutenei aurretiaz izena emateko eskatu diete udal ordezkariek. «Edozein etorri ahal da, baina ondo prestatzeko aurretik zenbat izango garen jakitea egokiagoa da».
Azaldu dutenez, gaur da izena emateko azkenengo eguna, Udal Euskara Sailean, 94-683 36 68 telefono zenbakira deituta edo mrey@ondarroa.eus helbidera idatzita.