Egoiliarrek musikagaz gozatu dute eta abestiak abestera ere animatu dira, giro ederra sortuz. Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako lorategian egin dute kontzertua, eta egoiliarrekin Benito Ibarrolaza, Bermeoko alkateordea eta Gizarte Ongizate Udal Patronatuko lehendakari eragilea izan da.
Ekimena Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitzak eta Bermeoko Udal Musika Eskolak elkarlanean egoitzako bizilagunek musikagaz gozatu ahal izateko martxan jarri duten programaren barnean aurkitzen da.
Argazkia: Bermeoko Udala
Ibarrolazaren berbetan, programa horrek “pertsona nagusientzat hainbat onura dakar: integrazioa lantzen da, komunitatearekiko lotura mantentzen da, auto-estima hobetzen du, maila kognitiboa lantzen du eta belaunaldien arteko lotura sendotzen du”. Hori dela eta, “gure nagusientzat oso positiboa da”, nabarmendu du.
Bermeoko alkateordeak udal musika eskolako irakasleei eskerrak eman dizkie, “ikuskizun polit hori eskaintzeagatik eta gure nagusiei kontzertu berezi horrekin momentu atseginak igarotzeko aukera emateagatik”.