LGTBIQ fobiaren aurka egiteko ekintzak, gaur, Lekeition eta Ondarroan
LGTBIQ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Lekeitio eta Ondarroako ikastetxeek ekintza bateratuak egingo dituzte. Mutrikun hitzaldi bat egongo da, martitzeneanHomofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gau...
LGTBIQ fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Lekeitio eta Ondarroako ikastetxeek ekintza bateratuak egingo dituzte. Mutrikun hitzaldi bat egongo da, martitzenean
Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, gaurko egunez, 1990ean Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela gogorarazteko. Horren harira, Lekeition, Ondarroan eta Mutrikun askotariko ekintzak egingo dituzte.Lekeition, hiru ikastetxeetako ikasleek adierazpen bateratua egingo dute 12:00etan, Independentzia plazan. Azaldu dutenez, ikasleek kolore ezberdinetako kamisetak jantzita, LGTBIQren bandera osatuko dute, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioak ezabatu behar direla aldarrikatzeko. 19:30ean, ostera, elkarretaratzea egingo dute Eskolapean, Potxuak Martxanek deituta.
Ondarroan ere, aldarrikapenak eta lanketak modu komunitarioan egingo dituzte, Ondarroako Udal Hezkidetza Egitasmoak bultzatuta. Hala, herriko hiru ikastetxeek Ondarroa aniztasunaz busti lelopean lip dub-a egingo dute 10:00etatik 12:00etara, Etxelilatik hasi eta Zubi Zaharreraino. Ibilbidea ondokoa izango da: Etxelila, Ikastola kalea, San Ignazio kalea, Sabin Arana kalea, Berdura Plaza gurutzatu eta Zubi Zaharrean amaitu.
Aniztasun sexualaren aldarriak herritar guztiekin batera egingo dituela esan du Hezkidetza Egitasmoak, eta herritar guztiei ekintzan parte hartzeko gonbitea egin die. «Ekimena zabala izatea nahi dugu, eta ondorioz, herritar guztiei ekintzan parte hartzeko deia egiten diegu». Halaber, ekimenaren helburua ez dela mezu negatiboa zabaltzea esan dute, ez eta ere LGTBIQ fobiaren aurkako mezua zabaltzea, baizik eta Ondarroa aniztasuna oinarri, bide eta helburu duen herria dela plazaratzea. «Ekimen hau aniztasunaren jaia eta aniztasunaren apologia izateko sortu da».
EMAren deia
Azkenik, Mutrikun, Sexu eta genero aniztasuna hitzaldia eskainiko dute martitzenean (maiatzak 22), 17:30ean, Zabiel kultur etxean, Emakumeak Mutrikun Abixan (EMA) taldearen ekimenez. Hizlaria German Urteaga psikologo beasaindarra izango da. Mutil transgeneroa da Urteaga, eta, besteak beste, bere esperientzia kontatuko du.