Kontserba enpresen hitzarmena berritu beharra dagoela dio LABek
Sektorea «lan gehigarri» bezala hartzen dela diote. Langileek hitzarmena berritzeko sei bilera egin dituzte patronalagaz, baina egoera «blokeatuta» dago gaur gaurkoz«Duintasun jauzi» bat emateko, kontserba industriak beste hitzarmen bat behar due...
Sektorea «lan gehigarri» bezala hartzen dela diote. Langileek hitzarmena berritzeko sei bilera egin dituzte patronalagaz, baina egoera «blokeatuta» dago gaur gaurkoz
«Duintasun jauzi» bat emateko, kontserba industriak beste hitzarmen bat behar duela adierazi dute LAB sindikatuak eta Bermeoko arrain kontserba industrietako langileek.Aintzane Larrabaster langileen ordezkariak azaldu duenez, 2016an sinatu zuten Bizkaiko kontserba industriekin hitzarmena, bederatzi urteko eskaeren ostean. Hala ere, hitzarmen hori berriztatzeko ordua dela aldarrikatu du.
Orain artean sei bilera egin dituzte langileek patronalagaz, baina «blokeatuta» aurkitzen direla aitortu du Larrabasterrek: «Hitzarmena ez galtzea lortu dugu, baina ezer berririk ez. Bizi dugun egoera aldatzeko unea dela uste dugu, eta gure soldata eta lizentziak hobetzea bilatzen dugu». Eta hori lortzeko, «berba egiten jarraitzeko prest» daudela adierazi du, eta «beste bederatzi urte bueltaka» ibiltzea onartezina litzatekeela.
Jobi Alkorta LABeko hitzarmenaren arduradunak sektoreko langileen artean emakumeak nagusi direla gogorarazi du, eta kontserba industria «lan gehigarri» bat bezala hartzen dela salatu: «Gaur egun zortzi orduko txanda batean soldata bat izateak ez du etxe bat aurrera eramatea, etorkizuna ordenatzea ziurtatzen, eta kontserba industrietan hala gertatzen da».
Hitzarmenean lau gai nagusi jorratu nahi dituzte: langileen soldata hobetzea, lizentzien egokitzea, kontratu iraunkorren kopurua gehitzea eta behin-behineko kontratuak dituzten langileen egoera hobetzea.
Protestak, asteburuan
Kontserba langileen egoera salatzeko, mobilizazioak deitu dituzte astebururako. Bermeon egingo dute lehenengoa, barikuan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian, 12:30ean, Lameran. Bigarrena Ondarroan izango da zapatuan (Antxoa Eguna), 12:30ean, Zubi Zaharrean. «Sektoreko langileei eta langileen borrokan sinisten duten guztiei» protestetan parte hartzea eskatu diete, «langileen eskubideak duintasunez tratatzea» xede hartuta.