Birziklatze kudeaketarako webgunea sortu du udalak
Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumenerako Sailak birziklatze arduratsuaren kudeaketara bideratutako webgunea sortu du: www.gernikalumonaturarekinbat.com. Atariak hondakin kudeaketari buruzko informazioa eskuragarri jartzea eta informazio garbia eta osoa em...
Gernika-Lumo naturarekin bat ekimenak sortu du webgunea, eta helburuak hiru direla jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Ingurumenaren eta herritarren elkarbizitzaren gaineko kontzientziazioa lortzea da lehendabizikoa. Herritarrak udalerriko kudeaketa sailkatura eta bilketa zerbitzuaren errekurtsoetara hurbiltzea da bigarren helburua. Hirugarrenik, zerbitzuaren katalogoa eta ordutegia herritarrek ezagutzea lortu nahi du, bai eta ere gertakariak aurkezteko «komunikazio bide» bat sortzea.
Udalak adierazi modura, 2017ko hondakin kudeaketaren datuek 9 puntuko igoera eduki zuten azken urtean «herritarrek hartutako kontzientziazioari esker», eta Maria Uribe Ingurumenerako zinegotziak «bide hori jarraitzera» animatu gura ditu herritarrak. Horrela, zinegotziaren esanetan, plataforma berriaren bitartez «gernikarrek tresna berri bat daukate orain arte egindako birziklatze lana hobetzeko».
Webgune berriak bilketen ordutegiei zein eskaintzen diren zerbitzuei buruzko informazioa ematen du. Besteak beste, bide garbiketari, bilketa ordutegiari, garbiguneari eta kontsultetara bideratutako postontziari buruzko datuak dira erabiltzaileek bertan aurkitu ahal izango dituztenak. Eta informazioa emateaz gain, webguneak informazioa jasotzeko atala ere edukiko duela jakitera eman dute udaleko ordezkariek.