Serratsek Eusko Jaurlaritzaren Gonzalo Nardiz 2018 saria irabazi du
Esperanza Serratsek Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik hartutako sariak lehen sektorean edo euskal nekazarien munduan ibilbide profesional eredugarriak izan dituztenen aitortza eta balioespena goratzen du.
Serrats kontserbagileen enpresak Euskadin eta, zehazki, Bermeon izan duen ibilbide profesionalagatik irabazi du saria. Epaimahaiaren arabera, “aberastasuna sortzea, bertako lehengaiak erabiltzea, berrikuntza eta enplegu sorrera” izan dira enpresaren filosofiaren parte, eta hori saritu nahi izan dute.
Antxoarekin hasiz
Enpresa 1890ean eratu zen, Jose Serratsek industria Bermeon finkatu zuenean. Frantziatik etorritako kontserbazio teknika berriak erabili zituen Serratsek, eta horiekin landutako produktuak azkar sartu ahal izan zituen Europako merkatuetan, baita Ipar Amerikako merkatuetan ere.
Hasiera batean antxoa gatzetan eta antxoaren erdikontserbak baino ez zituzten egiten, baina denbora pasa ahala egindako lana dibertsifikatu eta eskainitako produktu sorta handituz joan dira, eta gaur egun, antxoak ez ezik, hegaluzea, muskuiluak eta berberetxoak erabiltzen dituzte.
Enpresak “arrantza tradizionala errespetatzen duela” uste du epaimahaiak, “kontserbak artisautzako prozesu bati jarraituta eginez”. Era berean, “teknologia berritzaileak” erabiltzen dituztela nabarmendu dute, eta MSC arrantza iraunkorraren egiaztagiria daukala kontserben enpresak, ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten enpresei eskainitako egiaztagiria.