Bermeoko arrain kontserben industriako langileen egoera salatu dute
Bermeoko kontserba-industriatako lankideak eta hainbat sindikatu langileen egoera hobetzeko hitzarmenen alde egiteko batu dira gaur, Bermeon.
Aintzane Larrabaster langileen ordezkariak azaldu duenez, 2016an Bizkaiko kontserba-industriekin hitzarmena sinatu zuten, bederatzi urte emanez hori lortzeko. Hala ere, hitzarmen hori berriztatzeko ordua dela aldarrikatu du, “duintasun salto” bat emateko asmoagaz.
Dagoeneko sei bilera egin dituzte ugazabekin, baina “blokeatuta” aurkitzen direla aitortu du Larrabasterrek: “hitzarmena ez galtzea lortu dugu, baina ezer berririk ez. Bizi dugun egoera aldatzeko unea dela uste dugu eta gure soldata eta lizentziak hobetzea bilatzen dugu”. Hori lortzeko “berba egiten jarraitzeko prest” daudela adierazi du, baina “beste bederatzi urte bueltaka” ematea onartezina dela adierazi du.
Ugazaben filosofiaren aurka azaldu da Jobi Alkorta LABeko hitzarmenaren arduraduna. Sektoreko langileen artean emakumeak nagusi direla adierazi du, eta kontserba-industria “lan gehigarri” bat bezala hartzen dela salatu, hori “bukatu egin behar” dela aldarrikatuz: “gaur egun zortzi orduko txanda baten soldata bat izateak ez du etxe bat aurrera eramatea, etorkizuna ordenatzea ziurtatzen, eta kontserba-industrietan hala ematen da”.
Gainera, “behin-behineko kontratuen kopuru handi” bat dagoela nabarmendu du, “askotan enpresariek kontratu iraunkorrak ez eskaintzeko azpijokoak” egiten dituztela salatuz. “Esplotazio hori, emakumeen esplotazioa” bukatzea bilatzen dute hitzarmenaren bidez. Hitzarmenean lau gai nagusi jorratu nahi dituztela azaldu du: langileen soldata hobetzea, lizentzien egokitzea, kontratu iraunkorren kopurua gehitzea eta behin-behineko kontratuak dituzten langileen egoera hobetzea.
Protestak asteburuan
Kontserben industriako langileen egoera salatzeko bi dei egin dituzte astebururako. Bermeon egingo dute lehenengoa, barikuan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian, 12:30ean, Lameran. Horrela, “jaurlaritzako arduradunei azokako postuetan saltzen diren produktuak kontserba lantegietatik” datozela eta “horietako lan baldintzak hobetu” egin behar direla gogoratu nahi diete.
Bigarren protesta Ondarroan egingo dute zapatuan, 12:30ean, Zubi Zaharrean, Antxoa Eguna ospatzen dela aprobetxatuz. Langileen errebindikazioak “kalera atera” nahi dituzte, eta “sektoreko langileei eta langileen borrokan sinesten duten guztiei” etortzea eskatu diete, “langileen eskubideak duintasunez tratatzea” xedetzat hartuta.