Jokin Bergarak irabazi du Plazatik Gaztetxera txapelketaren finala
Jokin Bergarak irabazi zuen zapatuan Ondarroako Gaztetxean jokatu zen Plazatik Gaztetxera txapelketaren finala. Oier Etxeberria azpeitiarraren aurkako buruz burukoan puntuaziorik altuena lortu zuen bertsolari eibartarrak.Buruz burukoan honako lanak egi...
Buruz burukoan honako lanak egin behar izan zituzten Bergarak eta Etxeberriak; seiko motzean ofizioka aritu ziren, segidillan ere kantatu zuten minutu eta erdi bat egin arte, eta bakarka hiruna bertso bota zituzten, gaia emanda.
Ondarroako Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, buruz buruko gaiak aurrekoak baino askoz serioagoak izan ziren, eta biak ala biak «estu-estu» ibili ziren azken txanpa horretan. Finala 20:00ak jota amaitu zen bertsolarien azkenengo agurragaz, eta emozioz «beteta».
Finaleko bertso saioa, berriz, 18:00etan hasi zen, eta antolatzaileek azaldu dutenez, ordurako Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako jendeagaz bete zen Gaztetxea. Finala jokatu zuten sei bertsolariak zozketa ordenan igo ziren agertokira: Oier Etxeberria azpeitiarra, Manex Astigarraga debarra, Ane Beloki legazpiarra, Jokin Bergara eibartarra, Urko Arregi Kortxelo oñatiarra eta Aitor Zubikarai itziartarra.
Seirek honako lanak egin behar izan zituzten. Hasiera batean zortziko handian eta zortziko txikian ofiziotan binaka, bakoitzak bina puntu erantzun, puntutan binaka gaia emanda eta hamarreko txikian ofiziotan ibili ziren, Alexander Idoetak emandako gaiei erantzunez. «Bertsoaldi ederrak entzuteko aukera eduki genuen. Gehienak umorezkoak izan ziren, gaiak ere holakoak izan ziren eta».
Finalaren aitzakiagaz, gainera, beste hainbat ekimen egin zituzten zapatuan, Ondarroan. Gazte Asanbladako kideek nabarmendu dutenez, «politto» joan zen finaleko eguna. «Goizean goizetik Gaztetxean bazkaria prestatzen hasi ziren Oñatiko lagunak».
Eguna, hasiera batean, bertso triki poteoagaz hasteko asmoa zeukaten, baina eguraldi eskasa zegoenez eta kalean ere jende gutxi zegoenez, bertan behera laga zuten goizeko ekintza. Bazkaritan, bestalde, 40 lagun inguru batu ziren. «Ondarroako Gazte Asanbladatik eskerrak eman nahi dizkiegu bazkaria egin zuten oñatiarrei, gaiak prestatzen laguntzen ibili zirenei (Aissa, Eñaut…), Plazatik Gaztetxera antolatzen ibili diren Gaztetxe eta Gazte Asanblada denei, epaile, idazkari, bertsolari, eta bereziki, finala entzutera etorri ziren denei».