Ander Elortegik irabazi du Udaberri faseko zortzigarren saioa
Elorrion zapatuan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzigarren saioa irabazi zuen Ander Elortegi gernikarrak. 178 puntugaz lehenengo geratu zen, eta saioko proba guztietan beste bertsolariek baino puntuazio handiagoa eskuratu zuen.
Zortziko txikian lortu zuen puntuaziorik altuena Elortegik, eta zortziko handian ere bikain aritu zen.
Elorrioko Arriola antzokian jokatu zen zortzigarren saioan antolatzaileek esan modura “giro ona” nagusitu zen. Udaberriko sailkapen saioan sei bertsolari aritu ziren oholtza gainean; horietatik lau Busturialdekoak ziren. Bigarren postua Aitor Estebanek lortu zuen, hirugarrena Iker Uriarte bermeotarrak izan zen 154 puntugaz, eta laugarren postua Unai Agirre gernikarrak eskuratu zuen 148 puntugaz. Jon Arano natxituarra bosgarren izan zen, eta Eneko Anakabek seigarren egin zuen.
Atzoko saioa. Sailkapen faseko bi proba burutu ziren atzo Getxon. Goizean, Busturialdeko Ibai Amilategik eta Eneko Aldanak abestu zuten, eta hirugarren eta laugarren postuan sailkatu ziren hurrenez hurren. Peio Ormazabal izan zen lehenengo 170 puntugaz, eta bigarren, Gorka Pagonabarraga izan zen. Bosgarren eta seigarren postuan, berriz, Josu Landeta eta Axier Goñi sailkatu ziren.
Hurrengo saioak. Asteburu honetan, maiatzaren 19 eta 20an, Areatza eta Erandion ospatuko dira Bertsolari Txapelketako saioak. Zapatuan Xabier Iturraspe Gandiaga mendexarrak abestuko du Areatzan, eta domekan Erandion, Beñat Bilbao Landa eta Julen Erezuma Arzanegi arituko dira.