Munduaren erakusleihoa

Luis Pancorbo idazle eta kazetariak 40 urtean bildutako 20 argazki eta 100 tresna baino gehiagok osatzen dute Ekoetxea Urdaibaiko erakusketa berria: 'Munduko Bidezidorrak.'Berrogei urtean gauza mordoa egin daitezke; momentu asko bizi, eta horietan jaso...

Luis Pancorbo idazle eta kazetariak 40 urtean bildutako 20 argazki eta 100 tresna baino gehiagok osatzen dute Ekoetxea Urdaibaiko erakusketa berria: ‘Munduko Bidezidorrak.’

Berrogei urtean gauza mordoa egin daitezke; momentu asko bizi, eta horietan jasotakoa gorde. Memorian gorde daitezke bizipenak, eta argazkien bitartez gogoratu. Badira tresna edo bestelakoen bitartez ere oroitu daitezken gertaera edo esperientziak.

Arrazoi ezberdinek daramate bidaiaria bidaiatzera; dela aisiaz gozatzera, dela lan egitera. Bata zein bestea eginda ere, hamaika erreminta lor daitezke, bizitako momentu denen adierazgarri.

Ibilbide profesionala aitzakia hartuta, Luis Pancorbo idazle eta kazetariak asko bidaiatu du, eta 40 urtean izan du hango eta hemengo herritarren bizimoduak ezagutzeko aukera. 20 argazki bildu ditu, eta100 tresna bitxi baino gehiago, horien bitartez, gizakiak ingurumenagaz duen harremana adieraziz. Horiek guztiak jaso ditu Munduko bidezidorrak erakusketan. Busturian kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibain ikusgai dagoen bilduma hori ekainaren 24ra arte bisitatu daiteke, doan.

Pancorbok azaldu duenez, erakusketak munduan dauden bide ugarietariko batzuk jarraitzeko gonbitea egiten du; «naturara eramanez, eta hortik jendearengana ailegatuz».

Naturak ematen duenaz baliatzerakoan, gizakiaren irudimena bukaezina dela dio; objektu askok, behintzat, hala erakusten dutela uste du: larru eta harriek, letaginek eta ezkatek, lumek eta azalek… «Horiek guztiek erakusten digute naturaren erabilera logikoa eta iraunkorra».

Halaber, objektu horiek beste gizaki talde batzuen bizimodua ezagutzeko aukera ere ematen dutela uste du kazetariak. Horien artean daude, esaterako, sostengu iraunkorraren adierazgarri direnak: arkuak, geziak eta hezurrezko aiztoak. «Herri indigenek bizirik jarraitzeko erabiltzen dute natura, baina errespetatu egiten dute. Milaka urtetan, euren arku, gezi eta hezurrezko aiztoak egin dituzte, beti fauna, flora eta gainerako baliabide naturalak iraunkortasunez erabiltzeko».

Han eta hemengo herrialdeetan eskuratutako beste hainbat material ere bildu ditu erakusketan Pancorbok: jantziak, bitxiak, maskarak, osagarriak…