Bermeo Tuna World Capital aurkeztuko dute Arrain Azokan
300 metro koadroko gunean parte hartuko dute hainbat elkartek eta enpresek. Ingurumena zaintzea helburu, Erronka Garbia proiektuan egongo da azokaBermeoko 24. Arrain Azoka maiatzaren 18, 19 eta 20an egingo dute, eta aurten aurkeztuko duten Bermeo Tuna ...
300 metro koadroko gunean parte hartuko dute hainbat elkartek eta enpresek. Ingurumena zaintzea helburu, Erronka Garbia proiektuan egongo da azoka
Bermeoko 24. Arrain Azoka maiatzaren 18, 19 eta 20an egingo dute, eta aurten aurkeztuko duten Bermeo Tuna World Capital (BTWC) proiektuak protagonismo berezia izango du, hegaluzeagaz batera.BTWC proiektuak bere espazio propioa izango du azokan bertan, eta gune interesgarri horretan ohiturek eta berrikuntzek bat egingo dute, gazteei zein nagusiei ondo pasatzeko aukera eskainiz. 300 metro koadroko espazio horretan Aztik, PIE-EHUk, HAZIk eta azokako enpresek parte hartuko dute.
Hainbat berritasun aurkituko dituzte bertara doazenek: Basque Culinary Center-en showcooking-a; arraina eta ardoaren arteko maridajeak; PIE-EHUren ikasgela (itsas trikuen enbrioiak zelan sortzen diren erakutsi eta mikroalgen erreaktoreei buruzko azalpenak emango dituzte); Aztiko Iñigo Onaindiren azalpenak tunidoen markaketari buruz, eta hainbat erakusketa, tailer eta dastaketa azokan parte hartzen duten enpresen eskutik. Horiez gain, ResQ enpresa, Euskaraldia eta Arraina eta Ardoaren ibilbidea aurkeztuko dituzte, besteak beste.
Garbiak izateko erronka
Beste alde batetik, aurten Arrain Azokak ingurumena errespetatzeko eta iraunkortasuna bermatzeko hainbat neurri hartuko ditu, Erronka Garbia proiektuaren baitan. Hala nola, Bermeoko Kofradia Zaharrean erabiliko duten ontziteria konpostagarria izango da, eta paperaren erabilera gutxitzea ere bilatuko dute egitasmoagaz.
Era berean, tabernen beira bilketa eta erakusmahaien kartoi bilketa atez ate egingo dituzte, eta tabernetan sentsibilizazio kanpaina bat jarriko dute martxan.
Asteburuan ez ezik, azoka aurreko egunetan ere egongo da zer edo zer aukeran. Hain zuzen, hitzaldiak antolatu dituzte Arrantzaleen Museoan hilaren 15, 16 eta 17rako.