60 pilotaritik gora ari dira jokatzen 41. Eskupilota Txapelketan
Datozen sei astetan jokoan egongo da 41. Markina-Xemeingo Eskupilota Txapelketa. Urtero bezala, frontoi txikiko kantxara aterako dira Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak dena ematera. Bost kategoriatako pilotariak neurtuko dira aurten ere, ...
Gaur benjamin mailako bost partidu jokatuko dira, 16:45ean hasita: Franco-Perez/Ibarzabal-Asumendi; Larrinaga-Urbieta/Arriola-Urizarbarrena; Gabikagogeaskoa-Goikoetxea /Ugalde-Arrizabalaga; Albizu-Sololuze/Ezpeleta-Mandaluniz eta Ezpeleta-Mandaluniz/Ugalde Arrizabalaga. Alebinen mailako partidu bat egongo da jokoan: Arrizabalaga-Martinez/Alvarez-Maguregi.
Benjaminen maila bi taldetan banatu dutela jakitera eman du Peio Urionabarrenetxea entrenatzaileak. «Pilotari asko ditugu maila horretan, eta errazagoa da guztiontzat horrela jokatzea». Horrela, bost bikote egongo dira talde bakoitzean, eta liga eran jokatuko dute, denek denen kontra.
Alebin eta gaztetxoen mailetan, ostera, beste modu batera jokatuko dute. «Bikote finkorik ez dute edukiko. Lau atzelari eta lau aurrelari egongo dira, eta partidu bakoitzean bikote ezberdinagaz jokatuko dute». Partidu gehien irabazten dituzten aurrelariak eta atzelariak sailkatuko dira finalerako.
Pilotariak
Kadeteek, aldiz, benjaminen sistema bera jarraituko dute, denek denen kontra bikote finkoagaz. «Kategoria horretan lau bikote neurtuko dira». Bestalde, nagusien mailako pilotariek finalaurrekoak eta finala jokatuko dutela zehaztu du entrenatzaileak.
Denetara 60 pilotari baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Ia guztiak Markina-Xemeingo eskolakoak izango dira, baina bikoteak osatzeko beste herri batzuetako eskoletako pilotariak ere gonbidatu dituzte. Finalak ekainaren 17an jokatuko dira.