Mendia ere irisgarria izan daitekeelako
Ondarroako Karenka elkarteak mendi irteera irisgarria antolatu du Urkiolamendira. Irteerak erantzun zabala jaso du, eta elkarteko kideek balorazio positiboa egin dute. Esperientzia errepikatu nahi dute.Ezinezkoa dela ematen duena ere ez dela ezinezkoa ...
Ondarroako Karenka elkarteak mendi irteera irisgarria antolatu du Urkiolamendira. Irteerak erantzun zabala jaso du, eta elkarteko kideek balorazio positiboa egin dute. Esperientzia errepikatu nahi dute.
Ezinezkoa dela ematen duena ere ez dela ezinezkoa argi utzi dute beste behin ere Ondarroako Karenka guraso elkartekoek.Eurek diotenez, beti eman daiteke pauso bat gehiago, eta horren adibide, mendi irteera irisgarria antolatu zuten domekan Urkiolamendira, Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz eta Ondarroako Udalaren babesagaz. Mendira joateko aukera «denei hurbiltzea posible» dela argi utzi zuten. Horretarako, bi gidarik bultzaturiko gurpil bakardun joelette aulkiak erabili zituzten, eta mugikortasun arazoak dituzten elkarteko bi umek aurretik ezinezkoak ziruditen tokietara heltzeko aukera izan zuten, beste toki batzuk ezagutuz. «Azeri Naturakoekin joan ginen, eta hurrengoan ere eurekin batera egingo dugu antzerako irteeraren bat».
Gaineratu dutenez, Gorabideko zazpi kidek ere parte hartu zuten irteeran. «Mendizaletasun handia daukate, eta gugaz etortzera gonbidatu genituen. Gorabideko beste kide bat aulkian dago, eta harentzako ez genuen egokitutako beste aulkirik aurkitu; pena izan zen. Izan ere, gugaz etorri ziren enpresako kideek bi aulki besterik ez daukate. Hurrengo irteeretarako aulki berezi gehiago lortzen ahaleginduko gara».
200 lagun inguru
Karenkakoak oso pozik agertu dira, eta esperientzia oso positibotzat jo dute. Izan ere, domekako ekintzak «erantzun zabala eta paregabea» jaso zuela nabarmendu dute. «Ez genuen pentsatzen hainbesteko jendetza batuko zenik. Harrera oso ona eduki du; 200 lagun inguru batuko ginen. Lau autobus beteta joan ziren, eta horrez gain, auto partikularretan ere jende asko joan zen. Egun borobila izan zen. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, Ondarroako Udalari, Aurrera Mendi Taldeari eta Azeri Natura taldeari ere eskerrak, Oihaneri eta Unairi ibilbidea egiteko aukera eder hau ematearren. Umeen poz aurpegiak ikusteak dena esaten du».
Azaldu dutenez, zazpi bat kilometroko ibilbide «polita» egin zuten Urkiola inguruetan zehar. «Urkiolan hasi ginen 10:00etan, eta handik Urkiolamendira igo ginen. Denok tontorrera ailegatu ginenean, berriz, talde argazkia atera genuen. Jaitsiera, ostera, Anbotoko aldetik egin genuen. Oso pozik amaitu genuen. Jendea ere oso pozik ikusi genuen». Urkiolara bueltan hamaiketakoa egin zuten, eta hantxe egon ziren 14:00ak arte. «Gugaz batera etorri ziren dozena bat boluntario Urkiolan geratu ziren, eta bueltatu ginenerako hamaiketakoa prest genuen».
Datorren urtera begira, beste mendi batera irteera irisgarria egiteko asmoa daukatela agertu dute Karenkakoek.