Giza katerako motorrak berotuko dituzte han eta hemen, asteburuan
Gure Esku Dago-k ekainaren 10ean egingo duen giza katerako motorrak berotzen hasita daude Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat herritan. Eta beste hainbatetan ere hamaika ekintza egongo dira aukeran asteburuan.Berriatuan eta Gautegiz Arteagan...
Berriatuan eta Gautegiz Arteagan, esaterako, Klik eguna antolatu dute domekarako. Batean zein bestean, ume zein nagusientzako aukera ugari egongo dira: Berriatuan, lehiaketak, umeentzako ikuskizuna, zumba eta giza kate herrikoia; Gautegiz Arteagan, umeentzako jolasak, parrillada eta dantzak.
Muxikara eta Mundakara, bestalde, jarduera ugariz iritsiko da domeka. Kostaldeko herrian, esate baterako, plazan biltzeko deia egin du GED-k; izan ere, bertan egingo dituzte egun horretako ekintzak, eta hamaiketakoa ere aukeran egongo dela aurreratu dute.
Muxikan, Kurtzero auzoan eta Gorozikan elkartuko dira; bietan, domekan. Gorozikan, giza katearen aurkezpena egingo dute, eta Kurtzeron, dantzek, kirolak eta jan-edanak batuko ditu herritarrak, jai giroan.
Aipatu herrietan, gainera, giza katerako informazioa emango dute asteburuan, eta saretze orriak betetzeko aukera ere egongo da. Halaber, Gure Esku Dago-ren materiala saltzen ere ariko dira.