Errenta aitorpena euskaraz egitea sustatuko du udalak
Akordioa 2014. urtean hasi zuten, eta iaz errenta aitorpenen %25 euskaraz egin ziren. Izen-abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina jarri dute abianUrtero legez, errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu du Bermeoko Udalak, herri...
Akordioa 2014. urtean hasi zuten, eta iaz errenta aitorpenen %25 euskaraz egin ziren. Izen-abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina jarri dute abian
Urtero legez, errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko konpromisoa agertu du Bermeoko Udalak, herriko lau banketxe eta bi ahokularitzekin batera.Elkarlanerako konpromisoaren sinadura ekitaldian Juan Karlos Agirre Euskara Saileko zinegotzia, Maite Alvarez euskara teknikaria, Iker Agirre Bermeo Consulting aholkularitzaren ordezkaria eta Jose Ramon Renteria, Mirian Prieto, Iñaki Kanalaetxebarria eta Amagoia Gutierrez egon dira, hurrenez hurren, Laboral Kutxa, Kutxabank, CaixaBank eta BBVAren Bermeoko sukurtsaletako zuzendariak.
Alvarezek gogoratu duenez, akordioa 2014an hasi zen. Helburua «euskara gehiago erabiltzea» da, eta egindako elkarlana horretarako «oso onuragarria» dela azaldu du euskara teknikariak. Iazko errenta kanpainan, aitorpenen %25 euskaraz egin ziren, «eboluzio positiboa» dela nabarmenduz.
Elkarlanaren bitartez, Bermeoko Udalak eta banketxe zein aholkularitzek hainbat konpromiso hartzen dituztela azaldu Agirrek. «Udalari dagokionez, Errenta aitorpena euskaraz sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dugu, eta horren barnean herritarrek errenta aitorpena euskaraz egiteko dituzten baliabideen berri emateko komunikazioa landu dugu: esate baterako, eskuorriak banatu dira etxe guztietara», esan du.
Udalak zein banketxe eta aholkularitzek herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatu dituzte, eta beraien aldetik herritarrei «erraztasun guztiak» eskaintzeko konpromisoa hartu dute.
Izena duenak izana du
Gainera, udalak Izena duenak izana du kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburua euskal abizena era ofizialean gaztelaniazko grafiaz idatzita dutenek pausoa eman eta epaitegian aldaketa eskatzea da, eta horretarako, Uemak prestaturiko informazio orriak banatuko dira herriko hainbat lekutan.