Dantzaz dantza, jai egun handian
San Gregorio eguna ohiturari eutsiz ospatu dute berriatuarrek. Eguerdiko mezaren ostean, herriko Sarats dantza taldearen emanaldiaz gozatu dute plazan eta Menbidarren frontoian.Santuaren eguna tradizioari eutsiz ospatu dute berriatuarrek. Eguerdiko mez...
San Gregorio eguna ohiturari eutsiz ospatu dute berriatuarrek. Eguerdiko mezaren ostean, herriko Sarats dantza taldearen emanaldiaz gozatu dute plazan eta Menbidarren frontoian.
Santuaren eguna tradizioari eutsiz ospatu dute berriatuarrek. Eguerdiko mezaren ostean, Sarats dantza taldekoen emanaldiaz gozatu zuten atzo udaletxe aurreko plazara bertaratu zirenek.Dantzari dantzagaz hasi zuten saioa, eta, ondoren, hamaika dantza etorri ziren, arku dantza, txulalai, polka pike eta sardineren dantza, besteren artean.
Euriak, baina, saioa frontoira lekualdatzea ekarri zuen. Bertan, dantza tradizionalei dantza modernoagoek hartu zieten lekukoa. Esate baterako, Gatiburen Aske maitte, aske bizi eta Gure Esku Dago-ren kanta ezagunekin koreografia dotoreak egin zituzten, frontoian zeudenak aho zabalik utziz.
Arratsaldean, berriz, Umeen Pala Txapelketa mistoa eta Mus eta Briska txapelketak lehiatu zituzten.
Atzokoa jai eguna izan zen, sangregorioetako egun lasaienetakoa, eta asteburuari begira daude jada herritarrak. Barikutik domekara, musika, dantza, bertso eta herri kirol saioak egongo dira. Zapatuko Paellada egunean, gainera, katalanen bisita jasoko dute.
Kataluniako Viladamatteta Berriatua senidetzeko bidean lehen pausoa emanez, harrera instituzionala egingo diete eguerdian. Beraz, katalanek bertatik bertara probatuko dute udalerriko jai giroa.
Gababusa
Zapatuko kontzertuak ikustera joan edota parranda egin gura dutenentzat, Gababus zerbitzua egongo da.
Joaneko zerbitzuari dagokionez, 21:30ean aterako da Munitibartik. Ondarroatik garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute. Bueltarako autobusak 02:00etan, 04:00etan eta 05:30ean irtengo dira Lea Ibarrarantz zein Ondarroarantz. Gababuserako txartelak eskuratzeko azken eguna da bihar; 13:00ak arte jaso daitezke, eta ohi legez, Munitibarko eta Aulestiko udaletxeetan daude, eta ondarrutarrek Turismo Bulegoan hartu beharko dituzte.