Gaztelugatxe menperatuz
Gaztelugatxeko San Juanen maratoi bat egitea ez da zeregin erraza izan Javi Conde eta Jon Salvador atletentzat. Asko kostata, animatzera hurbildu ziren ikusleen aurrean ahaztezina izango den ekintza burutu zuten.Zoratuta daudela esaten diete, miresmene...
Gaztelugatxeko San Juanen maratoi bat egitea ez da zeregin erraza izan Javi Conde eta Jon Salvador atletentzat. Asko kostata, animatzera hurbildu ziren ikusleen aurrean ahaztezina izango den ekintza burutu zuten.
Zoratuta daudela esaten diete, miresmenez. Bizkaia Zubia, Athleticen gabarra, Deustuko unibertsitateko sifoia, Pozalaguako kobazuloak… Horiek izan dira Javi Conde eta Jon Salvador atletek maratoi solidarioak egiteko aukeratutako toki ikusgarrien adibide batzuk.Gaztelugatxeko San Juanen izan dute azken erronka solidarioa. Pasa den domeka izan zen proba aurrera eramateko aukeratutako eguna. Helburua: baselizari 829 bira ematea.
Desafioa «errespetuz» hartu zutela diote maratoilariek. «Zalantza asko» zituztela aitortu dute, baselizak dituen 50,88 metroko eremu batean korrikan aritzea zaila egingo zitzaiela bazekiten eta. Espazio murriztuetan entrenatu zuten Condek eta Salvadorrek maratoia prestatzeko, baina mentalizazioa «funtsezkoa» dela nabarmendu dute: «Prestakuntzaz gain, pazientzia edukitzea beharrezkoa da halako lasterketak gainditzeko».
Erronka «ezin hobea» izan zen bi atleten arabera: «Egun izugarria izateko baldintza guztiak bete ziren, zerua garbi zegoen, eta gu animatzera etorritako jendez gainezka egon zen Gaztelugatxe». Maratoia egin baino lehen adierazi zutenez, bospasei ordutan bukatzeko asmoa zeukaten, baina publikoak berotuta, 4 ordu eta 31 minutuan lortu zuten erronka burutzea. «Geldoago joan nahi genuen, baina emozioa zela-eta ez zitzaigun posible egin. Jendeak emandako laguntza izugarria izan zen, bai familiaren aldetik eta bai ere bertaratutakoen aldetik».
Bero kiskalgarria
Hala ere, atletek hainbat zailtasun eduki zituzten: oinak «minduta eta kiskaltzen» zituztela egin behar izan zuten korrikan. Oinetakoak hiru bider aldatzeko gelditu behar izan zuen Salvadorrek beroa zela eta.
Hala ere, lasterketa errazteko ideia bat otu zitzaien: erronka ikustera joan zirenei laguntza eskatuz, urez beteriko baldak erabili zituzten lurzorua hozteko, baselizan egiten zuen beroa ekiditzeko asmoagaz. «Gogorra izan zen, baina zailtasunek desafioa politagoa eta enblematikoagoa bilakatzen dute».
Atletek orain arte gainditu duten probarik «gogoangarriena» dela diote, eta Gaztelugatxen halako zerbait errepikatzea «zaila» izango dela pentsatzen dute: «Ez gara Game of Thrones telesaileko protagonistak, baina domekan lortutakoak istorio horietan azaltzen dena gainditzen du».
Etorkizunera begira, bi atletek hainbat erronka dituzte buruan, baina oraindik ez dute ezer zehaztu nahi. Egindakoa gainditzeko asmoa daukate maratoilariek, eta domekan lortu zutena ikusita, argi dago inoiz baino motibazio handiagoa daukatela hori egin ahal izateko.