Santamañe kale inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi dituzte
Atzo hasi zituzten lanak, eta horien bidez, Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berrituko dute Kurtzioko sarreraraino.
Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdean dagoen hesia eraitsiko da. Irune Ormaetxea Bermeoko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inauguratzeko egin zen, baina gaur egun espaloi publikoa estutzen du eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten du”.
Bermeoko Udala lursailaren jabeekin akordio batera iritsi da, eta hesia eraitsi ondoren, lur zati horri erabilera publikoa emango zaio: “Berrituko dugun espaloiaren luzera 135 metrokoa da, eta azalera 500 metro karratukoa, Santamañe kaletik Kurtzioko sarreraraino”, zehaztu du Ormaetxeak.
Berrikuntzaren helburua “kale osoaren zoladuraren uniformetasuna lortzea” dela dio zinegotziak, horrela “bertatik ibiltzea askoz ere erosoagoa eta seguruagoa” izateko, “auzokoen bizi kalitatea hobetuz”. Santamañe kalean dauden edukiontziak Txibitxagara lekualdatuko direla gaineratu du.
Horrez gain, Kurtzion era desegokian dauden eskailerak konpontzeko asmoa daukatela jakinarazi du.
Ormaetxearen hitzetan, “ekimen horiek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna hobetzen lagunduko dute”, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egin den bezala. “Irisgarritasunaren aldeko pausoak herritarren bizi kalitatearen aldeko pausoak dira, eta Santamañe kaleko lanekin hori lortu nahi dugu”.
Proiektuaren aurrekontua 91.810,92 eurokoa da, eta lanek hamar asteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.