Itxas Ganeko Udal Kiroleko instalazioak berrizteko laguntza eskatu dute
Bermeoko Futbol?Taldeak instalazioek gaur egun duten “egoera txarra” salatu dute komunikatu baten bidez: “zelaien egoera eskasa, jokatzeko eta entrenatzeko dagoen leku falta, argiteriak dituen matxurak edota dutxatzeko ur bero falta” nabarmendu dituzte.
Itxas Ganeko instalazioak duela 34 urte inauguratu zirenean futbolerako “goi mailakoak” zirela adierazi dute taldetik, baina gaur egun bere baitan hartzen dituen jokalarien kopurua eta futbolaren beharrak asetzeko erabat zaharkituta geratu direla uste dute. Ez hori bakarrik, argi utzi nahi izan dute Bizkaiko Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak mota horretako kirol instalazio motarako agintzen duten nahitaezko arauak “ez betetzeko zorian” daudela.
Gaur egun ia 500 kirolari dituzte taldean , eta beraien helburua “herriko futbolzale guztiei kirola egiteko aukera erraztea” dela adierazi dute. Hala ere, hori lortzeko dituzten baliabideak “eskasak” direla esan dute, finantziazio guztia “taldeetan, prestakuntzan eta ekipamenduan” erabiltzearen ondorioz.
Hori dela eta, sinaduren bilketa jarri dute martxan, hurrengo urteetako udal aurrekontuan berriztatze plana egituratu eta udal kirol instalazioaren berrikuntza sendoa egiteko inbertsio plana lantzeko eskatuz. Sinadurak batu ondoren, laguntza eskaera Bermeoko Udalari , Kirol Patronatuari, eta Bermeoko alderdi politiko guztiei bidaltzeko asmoa adierazi dute Futbol Taldeko kideek.