Atunontzi izozkailuen enpresek jasoko dute aurten Hegaluze saria
Epaimahaiak adierazi duenez, enpresek “garai berrietara moldatzeko izan duten gaitasunagatik, ikuspuntu teknologiko zein ingurumenari dagokionez emandako aurrerapausoengatik, eta herriko izena munduan zehar zabaltzeagatik” jasoko dute saria.
Bermeoko Arrain Azokaren baitan eskainiko dute XXII. Hegaluze Saria, eta honako enpresa hauei emango zaie: Inpesca, Atunsa, Pevasa, Micra, Albacora, Garavilla eta Echevastar. Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzea bilatzen da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edota herriaren alde egin duenari.
Aurtengo sarituei dagokienez, “urte guzti hauetan atunontzi izozkailuek erronka berriei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dute. Izan ere, ekonomia garai berriek eskatzen dituzten beharrizanetara egokitzeko gai izan dira teknologia aldetik zein ingurumen ikuspuntu batetik”, adierazi du epaimahaiak. Gaineratu duenez, “Bermeoko atunontzi izozkailuen enpresek ekonomia garai berriek eskatzen dituzten punta-puntako teknologia dute, eta, beste toki batzuetako enpresekin alderatuz, gure atunontziak eredu dira ingurumenaren errespetuari dagokionez”.
Epaimahaiak enpresa horiek “Bermeoko itsas tradiziotik” datozela eta “Pazifikora, Atlantikora eta Indikora joan ziren bermeotarrek” sortutakoa direla gogoratu nahi izan du.
Hori dela eta, XXII. Hegaluze Saria Bermeoko atunontzi izozkailue sektoreari ematea erabaki dute epaileek. Sari banaketaren ekitaldia maiatzaren 18an izango da, Bermeo Tuna World Capital gunean, 12:00etan.
XXIV. Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 18, 19 eta 20an izango da, hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosi, jai giroaz gozatu eta programa zabalaz gozatzeko aukera eskainiz Bermeon.