Informazio eta komunikaziorako teknologien erabilerari buruzko saioak eskainiko dituzte
‘Nola ezarri mugak gure seme-alaben IKT-en erabileran?’ programaren helburua gurasoek teknologia berrien erabileran jokatzen duten paper aktiboaz ohartaraztea da, bai euren seme-alaben nortasun digitala garatzerakoan, bai teknologiak behar bezala erabiltzean, arau eta muga egokiez baliatuz.
Programak bi saio izango ditu, maiatzaren 10 eta 17an, 18:00etatik 20:00etara. Bermeoko kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dira, eta Bermeoko GOUPeko Gizarte Heziketarako Esku-hartze Taldeak antolatu du ekimena.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “gaur egun adingabeek Informazio eta Komunikaziorako Teknologien erabilera oso barneratuta daukate, eurentzat sarea sozializazio esparru bat da eta sarritan ez dira kontziente bertan agertu ahal diren arriskuez: ziberjazarpena, grooming-a, sexting-a, identitate lapurketa, irudien erabilera desegokia, estortsioa…”.
Arrisku horiek direla eta, GHETren ustez “oso garrantzitsua da gurasoei hainbat baliabide eskaintzea egoera horiei aurre egiteko”. Hala ere, IKTak era egokian erabiltzen ikasiz gero, onuragarriak izan daitezkeela nabarmendu du GHETek: “informazioa lortzeko eta zabaltzeko baliabide ezin hobea dira, besteekin harremanetan jartzeko tresna edota lanerako eta ikasketetarako lagungarriak”.
Horregatik, “arau eta muga egokiak ezartzea beharrezkoa” dela zehaztu dute, horiek “ezjakintasunarengatik eta, beste batzuetan, ikuskaritza ezagatik” ezartzen ez diren arren.
Antolatzaileek gurasoak saioetara joan daitezen animatu ditu, “agertu ahal diren arriskuak ahalik eta arinen antzemateko eta adingabeen ongizatea bermatzeko”.