22-18 amaitu zen atzo lehen mailako afizionatuen finala. Alberdi eta Aizpuru ondo hasi ziren, eta 0-6ko partziala lortu zuten, baina, Espinal-Bikuña bikoteak markagailuari buelta ematea lortu zuen. Espero moduan, oso partidu ona jokatu zuten finalistek.
Eguneko final handiaren aurretik, umetxo, alebin eta txiki mailetako finalak lehiatu zituzten. Umetxoetan anaien arteko finala izan zen,
Bengoetxea II-Urzelai II bikotea Bengoetxea I-Uzelai I bikotearen kontra, eta gaztetxoenek irabazi zuten. Alebinetan,
Aldai eta Mandaluniz nagusitu zitzaizkien Diazi eta Andrinuari. Txikien finalean, Arrizabalagak eta Bullonek 18-11 hartu zituzten mendean Iza eta Arrieta.
Urtero moduan,
jarrera egokiena erakutsi duten pilotariak nabarmendu zituzten. Gizatasunagaz eta kiroltasunagaz loturiko balioak herriko indaba kilo banagaz eta pilota itxurako oroigarriagaz saritu zituzten. Eliteko lehen mailako afizionatuen artean, Espinalek jaso zuen saria. Umetxoetan Unax Urzelai, alebinetan Diaz eta txikietan Arroita izan ziren saridunak.
Argazkia: Gantzabale Elkartea.
Gantzabale Elkartearen arduradunen berbeta, egun polita pasatu zuten, eta jende asko batu zen frontoian. Gainera, aurten ikuskizun berezia izan dute
Artxube dantza taldeko nesken partetik. Partiduen ostean, sariak banatu aurretik, eurek sortutako koreografia bat eskaini zuten, bertaratutakoak aho zabalik utziz.
Datorren urtera begira. Txapelketa oso ondo joan delako pozik daude antolatzaileak, eta hurrengo urtekoa prestatzeko gogoagaz.
Eliteko pilotari afizonatuei etorkizunean pilotari profesional izateko bidean laguntza ematea eta
Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo eskoletako umeek elkar ezagutu, eta eurentzat aberasgarriak diren esperientziak partekatzea dira aipatu txapelketaren helburu nagusiak. Baina, hurrengo urterako beste pauso garrantzitsu bat emateko asmoa dute.
Emakumeek beren lekua izateko asmoz, nesken txapelketa izatea gura dute. Hezkidetza eta berdintasuna lortzeko zereginean, Ajangiz emakumeen borrokaren aldeko adierazlea izatea gura dute.
Era berean, herriko elkarteko kideen berbetan, Ajangiz “ezagutara emateko” baliatu gura dute txapelketa. “Gure nortasunaren ezaugarri nagusietako bat da pelota, eta beragaz lotutako balio guztiak bultzatzen ditu gure udalerriak”.