Kanpainaren helburua euskal abizena era ofizialean gaztelaniazko grafiaz idatzita dutenek pausoa eman eta epaitegian
aldaketa eskatzea da, “munduan euskaldunek presentzia izateko”.
‘Izena duenak izana du’ kanpaina aurrera eramateko, UEMAk prestaturiko
informazio-orria eta kartelak banatuko dituzte Udalak eta hainbat eragilek. Orri horiek udal zerbitzuetan (Berhaz, Behargintza, Udal liburutegia, Kultur etxea, Musika eskola eta Kiroldegia) eta bake epaitegian eskainiko dira, baita ikastetxeetan ere.
Informazio-orrietan azaltzen denez,
hiru pauso eman behar dira abizenak euskal grafiaz azaldu daitezen. Lehenik eta behin, interesa duen pertsonak
erregistro zibilean edo bake epaitegian abizena euskal grafiaz azaltzea nahi duela adierazi behar du. Hori egiteko bete beharreko
eskaera orri bat jasoko du.
Eskaera egiten duenak
agiri hauek aurkeztu beharko ditu: nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du); hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria; errolda agiria (adingabekoek gurasoen agiria beharko dute); familia edo seme-alabak izanez gero, familia liburuaren fotokopia eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia, 16 urtetik gorakoak badira.
Gainera, izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatzeko
www.euskaltzaindia.eus webgunean informazio osatua bilatu ahal da.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Euskera zinegotziak adierazi duenez, 2010etik 2017ra
300 espedientetik gora tramitatu dira. Izen-abizenak euskal grafiaz idazteko prozesua “erraza” dela nabarmendu du Agirrek, eta herritarrak pausoa ematera animatu ditu, “garrantzitsua delako euskaldunok munduan leku bat izatea, eta, euskal abizenak euskal grafiaz idazten baldin baditugu, horixe erakusten dugu”.
Izen-emateak, euskaraz
Epaitegietan egin ahal diren beste tramite batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogoratu du zinegotziak: erregistratzen diren jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen izen-emateak euskaraz egiteko aukera dute herritarrek.
Ildo horretan, 2017an jaiotako bermeotarren
%50aren izen-ematea euskaraz egin da. Agirrek 2018an jaiotako umeen eta ezkonberrien izen-emateak euskaraz egitera animatu ditu herritarrak, “arlo honetan euskaraz bizitzeko beste pauso bat emateko”.