Gaur jokatuko dira X. Barikuetan Jai Alai Txapelketaren finalak
Barikuetan Jai Alai Kiniela Amerikarrak hamargarren urtea bete du, eta gaur lehiatuko dituzte finalak. 19:00etan hasiko da gazteena, eta 20:00ak aldera jokatuko dute nagusiek.
Orain arteko partiduetan joko ona eta ikusle aldetik koputu polita egon dela azpimarratu dute Gernika Jai Alai Eskolako ordezkariek.
Gazte mailan Eneko Arandia eta Oier Diaz dira kiniela irabazteko faboritoak, aukera gehien dituztenak. Arandiak hiru kiniela irabazi, eta batean hirugarren geratu zen. Diaz, berriz, bitan izan da garailea eta bigarren sailkatu zen kiniela batean. Momentuz, Lander Aranburu dago hirugarren postuan.
Bestalde, nagusietan ere dena erabakitzeko dago. Urko dago sailkapen buru, eta berak eta Ibonek dituzte txapeldun izateko aukera gehien. Lehenengoak hiru kiniela irabazi, eta bigarren postu bat lortu ditu orain arte, besteak, berriz, Ibonek bi kiniela irabazi eta bigarren eta hirugarren postu bana ditu.
Hirugarren posturako Bidaburu eta Unda dira hautagai nagusiak–biek kiniela bana dute irabazita–.
Aurtengo berrikuntzen artean, gazte mailako zestalariak bakarka aritu dira. Zazpi izan dira, eta nagusiak, ostera, hamabi. Arrazoi desberdinengatik hainbatek ezin izan dute txapelketa lehiatu.
Gazte mailan Lezamizek ezin izan du parte harte. Nagusietan, Gonzalo Beaskoetxearen ordez, gazte mailako Eneko Arandiak jokatu du, eta Mikel Manzisidorrek ezin izan du kiniela batean parte hartu, eta biharko finala ere ez du jokatuko. Oier Diaz gaztea izango da bere ordez.
Era berean, lesio edo bestelako arrazoiengandik batzuk ezin izan dituzte kiniela guztiak lehiatu.
Halaber, hasieran aurreikusi baino astebete beranduago dira finalak. Izan ere, antzerki emanaldi batengatik apirilaren 20an ez zen kinielarik egon.
Zozketa
Funtzio bakoitzean Baserria KM 0-ko produktuekin otzara bana zozkatu dute, eta finalean ere horrela egingo dute. Gernika Jai Alai Eskolaren ordezkariek txapelketa antolatzeko izan duten laguntza eskertu dute.
Orain arteko partiduetara hurbildu direnei ere esker ona adierazi diete, eta gaurko finaletara pilotaz gozatzera hurreratzeko gonbidapena luzatu dute.