Busturiako Udalak San Kristobaleko plazako eta horren inguruko egoera hobetzeko obrak bukatutzat eman ditu. Orain dela 20 urte berriztatu zen azken aldiz plaza hau, eta beraz, horren
egoera kezkagarria zela ikusita, udalak hau eraberritzea erabaki du.
Horretarako, plaza inguruko
espaloiak konpontzeari ekin diote. Bertako harlauzak dagoeneko apurtuta aurkitzen ziren, ondoko zuhaitzen sustraien ondorioz. Beraz, arbola horiek kendu eta espaloia berriztu egin dute,
leku libre gehiago utziz. Gainera, plazan zeuden jarlekuak ere berriztu dituzte, konpontzeko aukera zeukatenak berriztuz eta besteak aldatuz.
Bukatzeko, zaborra biltzeko edota birziklatzeko
edukiontziak tokiz aldatu dituzte, orain plazaren sarrera ondoan horrentzako egindako gune batean kokatuz, espaloian lekua libratzeko asmoagaz. Horrez gain, umeek jolasteko zeukaten piramidea kentzea erabaki dute.
San Kristobal Plazako edukiontzien kokaleku berria. Argazkia: Busturiako Udala.
Obra horiek aurrera eramateko aurrekontua
23.000 eurokoa izan da. Hala ere, egindako berriztapen hauek San Kristobal Plaza eraberritzeko lehen fasea baino ez dute osatzen. Udalaren arabera, aurton bigarren fase bati hasiera emateko aurreproiektua eskatuta dago jada, eta horren onarpenaren zain aurkitzen dira.
Obren bigarren fasea
Gaur egun, San Kristobal Plazari erabilpenik ematen ez zaiola adierazi dute, udalerriko jaiak ospatzerakoan ematen zaio soilik erabilpena enparantzari. Hau ekiditzeko, udalak berriztapen obra ugari prestatu ditu.
Hasteko, plaza ondotik igarotzen den
errepidea peatonalizatzeko asmoa adierazi dute. Horrela, plaza eta horren inguruarekin integratzea bilatuko dute, hau zabalduz eta oinezkoentzako erakargarriagoa eginez. Gainera, San Kristobal Plazari
sarrera berri bat egingo diote, hau Zelaiondo erretiro etxearen ondoan kokatuz. Sarrera hori bideratzeko, bertan aurkitzen diren iturri eta jarlekuak kendu edo lekuz aldatuko dituzte.
Hori eginda, plazak duen beste arazoetako bat konpontzea bilatzen da: plaza ondoko aldatsean euriteengatik jazotako
ur-jarioa kontrolatzea. Hori banatuz eta antolatuz uraren indarra berbideratzea lortuko zen.
Axpen espaloia konpondu dute. Argazkia: B.U.
Plazako lurzorua aldatzea da proiektuaren beste jomugetako bat. Gaur egun dagoen lurra irristakorra dela deritzo udalak, eta beraz
inprimatzeko hormigoia erabiliko dute hori berriztatzeko. Lurzorua aldatzerakoan, honen maila igongo zen, plaza guztia altuera berberan utzita.
Plaza barrenean
estalitako toki bat kokatzea ere pentsatu dute. Aterpe gune honetan eserlekuak jarriko ziren. Gainera, estalguneak eszenatokia bertan jartzeko aukera ere eskainiko du, aipatutako jarleku horien gainean kokatuz kontzertuetan. Hori eginik eszenatokia prestatzea ekidituko zen, aterpegunea aprobetxatuz.
Bukatzeko,
ermita ondoan 140 metro karratuko lursaila erosteko asmoa du udalak, San Kristobal Plazarekin integratzeko. Errepidearen peatonalizazio lanekin batera ermita inguruko lurrak hartuta plaza zabaltzea bilatuko du udalak, hurbiltzen direnentzako erakargarriagoa eginez.
Busturiako beste auzoetan ere, berrikuntzak
San Kristobalen ez ezik, Busturiako beste auzoetan ere berriztapen lanak egin ditu udalak. Hasteko,
Axpe auzoko espaloia eraberritu dute: Futbol zelaitik Tenis jatetxera arteko espaloia konpondu dute, San Kristobaleko espaloiaren antzeran arbolen sustraien ondorioz apurtuta zegoen. Lan horien aurrekontua
8.500 eurotakoa izan da.
Herri Ikastetxeko komunak. B.U.
Gizarte etxeko teilatua ere zaharberritu egin dute, hezetasunengatik arazoak eduki ondoren, eta horren aurrekontua
17.200 eurotakoa izan da.
Altamira auzoan kokatuta dagoen Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxean ere izan dira berrikuntzak.
Beheko pisuko komunak berriztu eta adaptatu dituzte, haurrentzat bereziki prestatutako bainuak eginez. Horretarako
7.200 euro erabili dira.
Txirapozu jauregiaren eta Gaubeka auzoaren artean dauden
bost kale-argi aldatzeko lana ere egin da, horiek LED teknologia erabiltzen duten argiengatik trukatuz.
5.400 euroko aurrekontua izan dute lan horientzako.
Bukatzeko, Atxirika bidea konpontzeko lanak amaitu dituzte, hori
asfaltatuz zeukan egoera txarraren ondorioz eta
5.300 euroko aurrekontuarekin.