Muruetako Udalak adierazi duenez, kokatuta dauden gunearen arabera bi tamaina desberdin izango dituzte edukiontziek.
Barriztatze-fase horretan ezarritako ontzi berriak modernoagoak dira, zaharrak alde batera utzita orain pedaldun edukiontziak jarriz. Gainera, birziklatzekoak diren hondakinen edukiontzien kopurua gehitu egin da: Plastikoak (edukiontzi horia), paperak (edukiontzi urdina) eta kristalak (edukiontzi berdea) biltzeko ontzi gehiago ezarri dituzte udalerriko puntu desberdinetan.
“Kontzientziazio planak egitea garrantzitsua da”, adierazi du Javier Ondarza Muruetako alkateak, “baina egunerokotasunean honen inguruko dei eta jokaerak egitea ere ezinbestekoa dela deritzogu”. Horrela, “auzotarren artean, edo tabernan gaudela birziklatzea oso positiboa dela ikusten dugu, eta hori errazteko birziklatzeko ontzi gehiago ezarri ditugu Muruetan”.
Herritarrek gero eta ohitura positiboagoak dituztela nabarmendu du Ondarzak: “Bide onetik goaz birziklapenari dagokionez, familia asko honen inguruko pentsamoldea aldatzen joan direla ikusi dugu”.
Gainera, birziklatzeak herriaren balantze ekonomikoan eragiten duela azpimarratu du alkateak. Zabor guztia hondakin birziklaezinen edukiontzira botaz gero, bertan batzen den zaborrak pisu gehiago izango du, eta hori bilketaren gastuari gehitzen zaio. Beste aldetik, plastikoa, papera eta kristalak dohainik batzen dira.
Ontzi zaharrak berrerabiliz
Birziklatze kanpainarekin jarraitzeko, jada kendu diren edukiontzi zaharrak berrerabiltzeko aukera izango dela adierazi du Ondarzak. Horrela, ontzi horiek herritarrei eskainiko zaizkie beste erabilera bat eman diezaioten.
Udalaren aldetik, adibidez, edukiontzien oinarriarekin lore-ontziak egiteko ideia eman dute. “Guk geuk eraberrituko ditugu ontzi batzuk, lore-ontzi bilakatuz. Hori eginda Muruetako herritarrak edukiontzi zaharrak berrerabiltzera animatu nahi ditugu, zaborraren zikloa ixteko asmoagaz”.