Julen Ibarguengoitiak irabazi du Udabarri faseko seigarren saioa
Gautegiz Arteagan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarri faseko seigarren saioa irabazi zuen zapatuan Julen Ibarguengoitia gernikarrak. 173 puntugaz eskuratu zuen garaipena, bigarrenak baino 5,5 puntu gehiagogaz.Kultur Etxean jokatu zuten...
Kultur Etxean jokatu zuten saioa, eta antolatzaileen berbetan, «giro ona» nagusitu zen. Sei bertsolari aritu ziren oholtzan Ibarguengoitiagaz batera: Igor Galarza, Iker Garitagoitia, Itxaso Paia, Joseba Barandiaran eta Maider Barañano.
Zortziko handian eta puntu erantzunetan lortu zituen puntu gehien Ibarguengoitiak, eta bakarkakoan ere ondo aritu zen. 173 puntugaz, lehenengo postuan sailkatu zen; bigarrena Joseba Barandiaran izan zen, eta hirugarrena Itxaso Paia.
Gai emaile lanetan Leire Garatxena Larrabe aritu zen, eta epaimahaia Iñaki Aurrekoetxeak, Mirari Azulak eta Miriam Juaristik osatu zuen. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea egon zen.
Datozen saioak
Balmasedan jokatuko da hurrengo saioa domekan, eta egun osoko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. 10:00etan, Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala egingo dute frontoian; 11:30ean, eskolarteko bat-bateko finala jokatuko dute Klaret antzokian; 14:30ean, bazkaria izango da frontoian, eta 17:30ean hasiko da Udaberriko fasea, Klaret Antzokian.
Sei bertsolarik abestuko dute bertan. Iñaki Lersundi (Ondarroa), Aitor Bizkarra (Abadiño), Aritz Landeta (Getxo), Beñat Molina (Durango), Ion Barrocal (Trapagaran) eta Jon Ander Urkiaga (Zornotza) egongo dira oholtzan.