Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko bigarren batzarra egingo dute, bihar
Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa moldatzeko bigarren batzar irekia egingo dute bihar Gernika-Lumon. Euskara Batzordeak deitutako bilera 18:30ean Kultur Etxeko erakusketa gelan burutuko da.
Bigarren batzarrean “2023. urtean Gernika-Lumon euskararen egoera zelakoa izatea nahi dugun” aztertzeaz arduratuko dira Euskara Batzordekoak. Gainera, horretara iristeko “zer falta den eta zer egin daitekeen” zehazten arituko direla adierazi dute.
Lehenengo batzar irekia. Martxoaren 22an egin zuten lehenengo bilera irekia Euskara Batzordekoak, eta bertan, lau puntu landu zituzten. Lehendabizi, 2019-2023 eperako Plan Estrategikoa eratzeko Euskara Batzordearen proposamena aurkeztu zuten, eta proposamena ontzat eman zutela adierazi dute.
Bigarrenez, euskararen egungo egoerari buruzko hausnarketa orokorra egin zuten, eta Gernika-Lumori dagokionean euskeraren erabileraren araberako pozteko eta kezkatzeko faktoreen taula egin zuten. Eskolen arteko elkarlana, herrian euskaraz bizitzea posiblea zela eta euskararen ezagutza maila egokia zela nabarmendu zituzten pozteko faktoreen artean, besteak beste. Kezkatzeko faktoreen taulan berriz, umeen euskararen erabilera jaitsi egin dela, ostalaritzan erdara nagusi dela eta erdararen erabilera normaltzat hartzen dela azpimarratu zituzten.
Gerora, partaide bakoitzak hautatutakoaren arabera, helburu estrategikoak lantzeko lan mahaiak finkatu zituzten. Bukatzeko, hurrengo batzarren datak finkatu zituzten; biharkoa bigarrena, eta maiatzaren 30erako hirugarrena.