Hiroshimako
bonba atomikoa gainditu zuen arbolaren kimua landatu zuten atzo, Gernika-Lumon. Gernikako Arbolaren ondoan dagoen Europako Herrien Parkean landatu zuten kimua Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Kazumi Matsui Hiroshimako alkateak, Iñigo Urkullu lehendakariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Unai Rementeria Bizkaiko ahuldun nagusiak.
Itxaropena dakarren Ginkgo arbolaren Biloba kimua landatu zuten, eta “munduko bakearen aldeko eta gerraren aurkako erabateko mezua” zabaldu zuen Iñigo Urkulluk.
Gernikako Arbola eta Hiroshimako arbolaren kimua senidetzeak esanahi sakona duela adierazi zuen gainera: “Gernikako eta Euskadiko beste hainbat herritako biztanleria zibilaren aurka 1937an egin ziren bonbardaketa bereiz gabeak, eta Hiroshiman 1945ean paroxismora iritsi ziren bonbardaketak ekartzen ditugu gogora eta haien injustizia berresten dugu”.
Hiroshimako kimua landatzeko ekitaldia
1945ean bonba atomikoa lehertu zen tokitik soilik 1.000 metrora zegoen
Ginkgo Biloba Gernikako Arbolaren ondoan landatuz, “gerraren aurkako eta munduko bakearen aldeko mezu erradikala” zabalduko dutela esan zuen Urkulluk. Gainera, Gernikako Arbolak “bakearen, demokraziaren eta proiekzio unibertsala duen askatasunaren ikur gisa duen esanahia” goraipatu du. “Inolako indarkeria justifikatzeko inoiz erabili beharko ez litzatekeen ikurra da, indarkeriaren eta gerraren aurka bihotzetik ateratzen den oihua. Bakea irrikatzen duten gizakien kontzientzia sendotzen duen ikurra da”. Horren harira, Gernika-Lumon “
bakearen eta askatasunaren, eta itxaropenaren ikurra” elkarren ondoan haziko direla esan zuen Urkulluk.
“Elkarrekin zabalduko dugu konpromisoaren eta itxaropenaren aldeko mezua. Bakean elkarrekin bizitzea posible den itxaropena. Indarkeriarik, gerrarik eta terrorismorik gabeko mundua posible den itxaropena. Gizakien duintasuna eta elkarbizitza erein, ongarriztatu, zaindu eta hazarazi behar ditugun balioak diren itxaropena”, esan du lehendakariak.
Ekitaldian
herritarrak, Gernikako bonbardaketatik bizirik irtetea lortu zutenak eta erakundeetako agintariak elkartu ziren.