Arrotegikoek epaitegira joko dute, euren eskubideak defendatzeko
«Presio handia» jasatea eta zuzendaritzaren «pasibotasuna» salatu dituzte. Zuzendaritza batzordeari biltzeko eskaerak egin dizkiote, baina ez dute erantzunik jasoArrotegi Egoitzako langileek maiatzaren 22an epaiketara joango direla adierazi dute, e...
«Presio handia» jasatea eta zuzendaritzaren «pasibotasuna» salatu dituzte. Zuzendaritza batzordeari biltzeko eskaerak egin dizkiote, baina ez dute erantzunik jaso
Arrotegi Egoitzako langileek maiatzaren 22an epaiketara joango direla adierazi dute, euren eskubideak defendatzeko. «Auzi eskea jarri diogu enpresari, eta epaileak dioenaren arabera erabakiko dugu nola jokatu».Udaletxearen aurrean bildu ziren eguazten arratsaldean, fundazioaren zuzendaritzak eta batzordeak ezarritako murrizketen kontra protesta egiteko. Bi hilabete daramatzate egunero lanuzteak egiten, eskatzen dutena «zeukatena ez murriztea» baino ez dela esanez. Egoitzako zuzendaritzaren «pasibotasuna» ikusita, udaletxe aurrean batzea erabaki zuten, zuzendaritzako kideak udalaren parte direla aprobetxatuz, horiek batzartuta zeuden bitartean.
Arrotegi borrokan, lan murrizketarik ez zioten pankartekin egon ziren egoitzako langileak, euripean. Protesta udaletxe aurrean eginda, gatazka egoitzatik kanpora ateratzea zen beraien asmoa.
Egunero bi orduko lanuzteak egiten dituzten arren, egoitzan «funtzionamendu zoragarria» dutela nabarmendu nahi izan dute, «beti bezala» lan eginez. «Irudi txarra eman nahi izan digute», kexatu dira langileak. «Baina guk mugimendu eta protesta hauek murrizketak eman zirenean hasi genituen, ez lehenago». Horren inguruan «presio handia» jasaten ari direla diote Arrotegiko langileek, baina jada «beldurrik ez» daukatela argi utzi dute.
Komunikazio eza
Zuzendaritzak langileen batzordea kontuan ez duela hartzen salatu dute: «Ez daukate komunikazio zuzenik gugaz, egoitzan jakinarazpenak informazio taule- tan eskegiten dituzte, eta horrela izaten dugu beraien erabakien berri».
Batzordeagaz egoteko bi eskaera formal egin dituzte langileek, baina arrakasta barik. «Hala ere, badakigu batzordean badaudela gure alde egon ez arren, gutxienez gure eskaerak ulertzen dituztenak. Horien iritziz guk estra hori kobratzeko eskubidea daukagu», azaldu dute.
17 urte eman dituzte jai egun estrak %0,75eko balioagaz konpentsatuz. Aurreko urteko abenduaren amaieran, zuzendaritzak estra hori aldatuko zuela jakinarazi zien, denboraz eta %0,25eko balioaz konpentsatuko ziela esanez. Langileek ez zuten proposamena onartu. Izan ere, denboran konpentsatzea ondo ikusten zuten, baina %0,75eko balioa mantentzea gura zuten.
Ezezkoa eman ondoren, jai egun estraren konpentsazio hori «guztiz ezabatu» dela salatu dute langileek, eta jai egunetan lan egin arren, ez dute inolako ordainketa edo abantailarik lortzen. Hori eginez, zuzendaritza batzordeak lan hitzarmenaren 3. xedapen gehigarrirako klausula hautsi duela adierazi dute: «Jasaten ari garen egoera hau zuzendaritzak hartu dituen erabakien ondorioa da».
Lanuzteekin jarraituko dute
Langileek borrokagaz jarraituko dute, bai «legeak eskainitako baliabideekin» eta baita elkarretaratzeekin ere, lanuzteak areagotuz, hitzarmena bete arte.