17:30en hasiko da saioa, kultur etxean. Saiorako
sarrerak kultur etxeko atean egongo dira salgai, egunean bertan,
17:00etatik aurrera.
Sarrerak 3 eurotan eskuratu ahalko dira, baina, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek 2 eurotan izango dituzte;
16 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa da.
Sei bertsolari igoko dira oholtzara, eta horien artean
Julen Ibarguengoitia Ordorika gernikarra izango da Busturialdeko ordezkari bakarra. Beragaz batera, Igor Galarza Intxausti, Iker Garitagoitia Astigarraga, Itxaso Paia Ruiz, Joseba Barandiaran Andueza eta Maider Barañano Uribarri bertsolarien lanagaz gozatuko dute Gautegiz-Arteagara hurreratzen diren bertsozaleek.
Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra izango da saioko
gai jartzailea. Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Mirari Azula Aurrekoetxeak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatuko dute epaimahaia; Itziar Basterretxea Olarreaga ariko da idazkari lanetan. Bertsolariek honako lanak egin beharko dituzte: zortziko nagusian ofizioetan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, puntu erantzun bi zortziko txikian (bakarka) eta gai bati buruz bertso bi (bakarka), doinu eta neurri librean.
Gautegiz-Arteagako Udalak saiora joateko gonbidapena luzatu die herritarrei, “elkarrekin ahozko arte honetaz gozatzeko”. Udalerrian euskal kultura bizi egiten dutela, eta belaunaldi berriek berau maitatzen ikastea gura dutela nabarmendu du Juan Felix Naberan alkateak: ” Betidanik egin dugu euskal ahozko literaturaren alde, bertsolaritzaren alde. Izan ere, herriko eskolan bertsolaritza eskolak ematea sustatu dugu. Bat-batekotasunaren artea euskara betikotzeko modu bat da. Etorkizuneko belaunaldien artean gure kultura balioan jartzeare eta zabaltzearen erantzukizuna gurea da”.
Ondarroako saioak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Faseko bi saio jokatu ziren domekan, Ondarroako Gaztetxean. Goizeko kanporaketa saioko irabazlea Peru Vidal leioarra izan zen, eta arratsaldeko kanporaketako irabazlea, berriz, Txaber Altube abadiñarra.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, giro ederrean jokatu ziren kanporaketa biak: “Bertsozaleek ederto erantzun dute sailkapen saio bietan.
Asier Galarza muxikarra Ondarroako goizeko saioan lehiatu zen (atzean, eskumatik lehenengoa).
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Goizean Peru Vidalek 179,5 puntu lortu zituen, eta bere atzetik Arrate Illaro getxoztarra sailkatu zen, puntu bakarreko aldeagaz.
Asier Galarza muxikarrak, berriz, hirugarren (173,5 puntu) amaitu zuen saioa, eta Aitor Ruiz lekeitiarrak (138,5 puntu) eta Nahia Ibarzabal markina-xemeindarrak (134,5 puntu), bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.
Arratsaldeko saioan, Altube 185,5 puntugaz nagusitu zen, eta Inazio Vidal bigarren sailkatuak 172 puntu bildu zituen. Lander Ibarluzea Aitxulua etxebarritarra hirugarren sailkatu zen zuen (166,5 puntu).
Zapatuan, bestalde, Udabarriko Faseko hirugarren saioa jokatu zen Otxandion. Josune Aramendi markina-xemeindarrak irabazi zuen, 191,5 puntu lortuta, eta 173 puntugaz Imanol Uria geratu zen bigarren.
Lurdes Ondaro munitibartarrak (159 puntu) hirugarren amaitu zuen, eta
Aitor Etxebarriazarraga (157,5 puntu) gernikarrak, berriz, laugarren.