Bermeoko Udalak zaharren egoitzako kontu ikuskaritza ez dela beharrezkoa dio
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente eragileak salatu du kontu ikuskaritza eskaeraren helburua zaharren egoitzako “hainbat zerbitzu pribatizatzea” dela.
Jeltzaleek udalak kontu ikuskaritzari uko egitea kritikatu dute. Udalak 5 milioi euro bideratzen ditu patronatura eta «kostu handi» hori “zorroztasun osoz, eraginkortasunez eta gardentasunez” kudeatu behar dela diote.
Aritz Abaroa bozeramailearen hitzetan, “kudeaketaren gardentasunak izan behar du udal gobernuaren zutabeetako bat. Informazioa benetakoa, zehatza, eta eguneratua eman behar du aurrekontu, gastu, balantze eta eginkizun administratibo denen inguruan”.
Ibarrolazak, ostera, Bermeoko kudeaketa kontu ikuskaritza bat egiteko beharra ez dela existitzen azaldu du. “Azken urteetan, GOUPeko kudeaketa hobetzeko helburuarekin hiru kudeaketarako ikuskaritza eta ikuskaritza fiskal bat garatu dira, eta gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizazio lana gauzatu zuen 2014. urtean”.
GOUPen 2011n egindako kontu ikuskaritzak zehaztutako kudeaketa eredua jarraitzen dutela dio patronatuaren presidenteak, zazpi urtetan “emaitza onak” eta “kalitatezko zerbitzuak” eskainiz.
Bizkaiko Foru Aldundiak udal zaharren egoitzaren plazen kudeaketaren gastu osoa ordaindu behar duen arren, ez duela beragain hartzen argi utzi du Ibarrolazak: “Arazoa ez da gestioko ikuskaritza bat egitea edo ez, arazoa administrazio bakoitzak bere eskuduntzak bere gain hartu behar dituela da, eta kasu honetan eskuduntza aldundiarena da”.
Jeltzaleek “administrazio bakoitza beren eskuduntzez arduratzea exijitzea” ongi ikusten dute, baina “administrazio publikoa garen aldetik, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen direla bermatzea” ezinbestekoa dela esan dute, eta kontu ikuskaritzari uko egitea ulertezina dela.
Udalaren beste departamentu batzuetan urteroko ikuskaritzak egin ohi direla adierazi dute. Ematen diren zerbitzuen kostuak beste udalerrietan ematen direnenak baino ” izatearen arrazoia argitzeko eskatu dute.
Oposizioko alderditik gogora ekarri dute Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu hau ordaintzeko 85,5 euro ematen dituela egun eta pertsona bakoitzeko. GOUPak, ostera, 120 euro ordaintzen ditu erabiltzaile-plaza bakoitzeko. Gainkostu honen zergatia jakin nahi dute EAJ-PNVkoek, datuak “argiak ez direla” deritzotelako.
Ibarrolazak GOUPen kudeaketa “guztiz gardena” dela azpimarratu du: “Zerbitzu denen gastu guztiak sailkatuta jakinarazten zaizkie sindikatuei zein udaleko talde guztiei. Kontrakoa dioena gezurretan ari da”.
Zerbitzu publikoa
Bere ustez “ez da balizkoa” egoitza publikoak eta pribatuak alderatzea: “Argi dago udal batzuetan enpresa pribatuen bidez kudeatzen direla zaharren egoitzak eta horien kostuak merkeagoak direla”. Hori lortzeko, baina, langileen baldintzak “askoz txarragoak” eta egoiliarrei eskainitako arreta orduak eta zerbitzuak “eskasagoak” izaten direla dio.
Udal gobernuak kudeaketa publikoa eta langile publikoen lana defendatzen duela dio Ibarrolazak: “EAJ-PNVk zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egingo balu, kontu ikuskaritza bat eskatu beharrean, Bizkaiko Foru Aldundiari bere eskuduntza den udal zaharren egoitzaren kudeaketaren gastua ordaintzeko eskatuko lioke; baina, hori egin ordez, eskaerak Bermeoko Udalari eta herriari egiten dizkio”.
Guzanek kudeaketa publikoa indartzeko ikuskaritza egitea beharrezkotzat jo, eta udalak emandako ezetza gogor salatu du, zerbitzu publiko baten iraunkortasuna bermatzea “arriskuan” jartzen duela uste dutelako. Kudeaketa publikoa “kontsolidatu” behar dela esan du. “Eraginkortasuna zerbitzu publikoen ardatza izan behar da, bereziki nagusien bizi baldintzak mintzagai direnean”.