Bermeoko Udalaren helburua Eusko Jaurlaritzak
diru laguntza bereziak ematea da, gune horiek biziberritu eta horien irisgarritasuna bermatzeko asmoagaz.
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotzia, Santi Murua Berualako zuzendaria, Laia Fernandez Estudio Elaneko kidea eta Iñaki Enriquez Bizilaneko teknikaria egon dira. Azken bi horiek izango dira Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre eremuen azterlan sozio-urbanistikoa egiteko kargua hartu dutenak.
Azterlana aurrera eramango duen teknikari taldea, udaleko ordezkariekin batera.
Ormaetxeak aipatu duenez, herriko auzo batzuk biziberritu egin behar dira; izan ere, hirigintzari dagokionez, “ahulezia” ugari dituzte. Hori ikusita, Jaurlaritzak aipatutako diru laguntza horiek eman eta toki hori
“gune degradatu” bezala izendatzea lortu behar dela dio. Hala izatea lortuko balitz, eremu horretako etxebizitza eta eraikinen konponketa eta mantentze-lanetarako finantziazioa edukiko luke udalak; horregatik, izendapen hori lortzea “ezinbestekoa” dela deritzo zinegotziak.
Diru laguntza horiei esker, gune horiek hobetu nahi ditu udalak, herritarrentzako “erosoagoak” eginez eta
“bizi kalitate maila areagotuz”. Gainera, udalerria kohesionatzea bilatu nahi dute horregaz, azterlanak batzen dituen eremuak Bermeoko beste gune batzuen parean jarriz.
Berualako zuzendariak diru laguntza horiek lortzeko bide “luzea” egin dutela adierazi du. Laguntzak eskuratzeko, gune horretako eraikin eta biztanleriari buruzko
informazio eta datuak bildu behar dira. Datuak biltzeko asmoagaz, gunean bizi diren herritarrei zuzendutako
hiru galdetegi desberdin landu ditu arkitekto eta soziologoez osatutako talde batek.
620 inkesta
Inkestek jorratuko dituzten gai nagusiak “eremuko biztanleriaren errenta eta langabezi maila, eraikuntzen egoera eta bizigarritasun-baldintzak edota urbanizazioen egoera” izango dira; betiere, Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre kaleko eraikinak kontuan hartuz.
620 inkesta banatuko dituzte ikertu nahi den gunean bizi diren etxebizitzetako biztanleen artean, eta 90 inguru zonako komertzioentzat. Inkestekin guneko “karakterizazio sozio-ekonomikoa” lortu nahi dute. Inkesta betetzen duten horien
pribatutasuna bermatzeko, udalak eta teknikariek horien anonimatua “ziurtatuko” dute, inkestatzaileek udaletik datozela egiaztatzeko akreditazioa eramanez.
“Guneko eraikin asko frankismoaren garaian egindakoak dira, eta gaur egun ia egoera berean jarraitzen dute”, azaldu du Fernandezek. Horrela, azterlana eremuak dituen
“arazoak eta gabeziak bilatzeko tresna” bat dela eman du aditzera.
Metodologia zehatza
Lan hori burutzeko metodologia bat jarraitzen dute teknikariek: “Lehenik informazioa bilduko dugu, taldeak egindako ikerlanekin, udalak eskainitako informazioagaz eta herritarrek partekatutako datuekin. Hori egindakoan, bildutako datuekin zona horretan G
une degradatuaren izendapena lortzeko ahalegina egingo dugu, eraikinen fitxak eginez. Bukatzeko, datu horiekin aurkezpen publiko bat egingo dugu”, esan du Fernandezek.
Ormaetxeak azaldu duenez, herritarren laguntza beharrezkoa izango da azterlana gauzatzeko. Hori dela eta, inkestak egitera animatu ditu Kurtzio, Zarragoitxi, Itsas Begi eta Iparragirre kaleetako herritarrak. Gune horrek aipatu izendapena lortuz gero, Alde Zaharreko etxebizitzentzat zuzendatukoak bezalako diru laguntzak eskatu ahal izango ditu udalak, Muruak aipatu duenez.