24 orduko berrikuntza tailerra egingo dute gaur, institutuan
24 orduko berrikuntza tailerra egingo dute gaurko 17:00etatik biharko 17:00etara Gernika-Lumoko institutuan. Euskadi B24 deritzan topaketa lehenengoz egingo dute, eta 84 gaztek erronka teknologiko bati aurre egin beharko die.B24 proiektuak gazteen «s...
B24 proiektuak gazteen «sormen lana, berrikuntza, ekintzailetza eta elkarlana sustatzea» du helburu. Gainera, teknologia eta zientziarekiko interesa piztu gura du parte hartuko duten 12 eta 18 urte bitarteko gazteengan. Proiektu horregaz, «lan munduko» beharrizanetara hurbilduko direla parte hartzaileak adierazi du Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza elkarteak.
Maier, Tecnalia Ventures, C2B, Eder Aurre diseinatzailea, Lions Club International eta Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza elkartea dira jardunaldian parte hartuko duten eragileak. Hauek gazteei erronka desberdinak proposatuko dizkie, eta ikasleek 24 ordutan landu beharko dute proba. Ondoren, epaimahai profesional baten aurrean aurkeztu beharko dituzte lortutako emaitzak.
Zaloa Campillo Bilboko Ingenieritza Eskolako zuzendariak antolakuntzako aholkulariak bertan izango direla adierazi du. «Epaimahai profesionalak baloratuko ditu lanak; ikasleen ikuspuntu enpresariala, erronkaren aurkezpena eta marketin estrategia hartuko dituzte kontuan».
Gernika-Lumoko institutua gune ezberdinetan banatuta egongo da; sukaldea, atseden lekua eta denbora pasarako tokia egongo dira, besteak beste.
Ikasketa teknologikoak
Alvaro Ubierna EHUko Telekomunikazio Ingenieritzako dekanoak lana bilatzeko momentuan, «teknologia berritzaileetan trebatua izatea gero eta garrantzitsuagoa» dela adierazi du.
EHUko ingenieritza eskolako azken datuen arabera gainera, teknologia arloko ikasketak egin dituzten %95 daude lanean. Horrenbestez, «beharrezkotzat» jotzen du horrelako ekimenak sustatzea.