Okupazioaren harira atxilotutakoa maiatzaren 2an epaituko dute Bilbon
Agintaritzaren aurkako atentatua egotzita epaituko dute. Gazte Asanbladak dioenez, bost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute eraikin okupatuan atxilotutakoarentzatGernika-Lumon martitzenean atxilotutako Gazte Asanbladako kide bat epaituko dute, ag...
Agintaritzaren aurkako atentatua egotzita epaituko dute. Gazte Asanbladak dioenez, bost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute eraikin okupatuan atxilotutakoarentzat
Gernika-Lumon martitzenean atxilotutako Gazte Asanbladako kide bat epaituko dute, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Epaiketa maiatzaren 2an 10:00etan izango da Bilbon.Atzo goizean epaitegian deklaratu ondoren, datorren hilabetean epaituko dutela adierazi dute gazteek, eta berarentzako bost hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dutela jakitera eman dute.
Okupatutako eraikinaren barruan zeuden bi gazteren eta ertzaintzaren arteko gatazkagatik epaituko dute Egurre Gazte Asanbladako kidea. Bi gazteak Gernika-Lumoko komisaldegira eraman zituzten martitzen arratsaldean; euretako bat atxilotu, eta bestea komisaldegian eduki zuten ordu batzuez.
Gazte Asanbladako kideen berbetan, «Okupazio Bulegoko abokatuak eraikinetik atera zirenean, ertzainak etxebizitzetara sartu eta bertan zegoen gazteari identifikatzeko eskatzearen ondorioa» izan da gertatutakoa.
«Hirugarren pisuan zegoen, eta ordu batzuez komisaldegian izan zuten gaztea lau bider identifikatu zuten ertzainek goizean. Berriz ere gauza bera egiteko eskatu zioten, eta honek ez zuela nortasun agiririk esanda eraman zuten». Egurre Gazte Asanbladakoek esan dutenaren arabera, «indarrez» atera zuten eraikinetik.
Hori gertatu bitartean, beheko pisuan zegoen gaztea gora hurbildu zela esan dute gazteek. Orduan, «ertzainek indarkeri osoz» atxilotu zutela aitortu dute.
Atxiloketa gertatzen zen momentuan, Gazte Asanbladako kideen abokatuak hurbildu ziren, eta ertzainek lehendabizi «erresistentziagatik» atxilotzen zutela azaldu zieten. Hala ere, «jarraian ertzainek iritziz aldatu» zutela adierazi dute gazteek, eta «agintaritzaren aurkako atentatuagatik» atxilotzen zutela esanda eraman zuten asanbladako kidea.
Komisaldegitik atera ostean, Gazte Asanbladako bi kideak ospitalera joan zirela azaldu dute gazteek, eta biek medikuaren lesioen txostena eskatu zuten. Hala eta guztiz ere, oraindik ez dutela salaketarik jarri adierazi dute gazteek.
Agerraldia
Jardunaldi osoan emandako gertaerak aztertuta, Egurre Gazte Asanbladako kideek agerraldia egitea erabaki zuten herenegun, eta bertan, ertzainen jarrera kritikatu zuten: «Gure etsai argiak izanik, burgesak defendatu eta gure interesen aurka jokatzen dute beti».
Bertan, beraien okupazioaren aldeko argudioak plazaratu zituzten. «Jabeek duten beharrizan eza eta herriak dituen beharrizanak betetzen dituen proiektu hau martxan jarri genuen, eta beraien nahien kontrakoa dela argi erakutsi digute», adierazi zuten.
«Langile klasearen interesen arabera eraikitzen jarraituko dugu, inongo beldurrik barik, eta beti burgesiari jabetzak kenduz, langile klasearen mesedetan».