Eraikin okupatuan zeuden bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak
Eraikinaren jabeen senide eta abokatua salatu dituzte gazteek, etxebizitza bortxatzeko delitua egotzita. Gazteek borrokan jarraituko dutela adierazi duteEraikin okupatuan identifikatuta zeuden sei gazteetatik bi atxilotuta eraman zituzten ertzainek Ger...
Eraikinaren jabeen senide eta abokatua salatu dituzte gazteek, etxebizitza bortxatzeko delitua egotzita. Gazteek borrokan jarraituko dutela adierazi dute
Eraikin okupatuan identifikatuta zeuden sei gazteetatik bi atxilotuta eraman zituzten ertzainek Gernika-Lumoko komisaldegira, atzo arratsaldean. Egurre Gazte Asanbladako kideek «indarkeria erabilita» eramatea egotzi diete.Egunkari hau ixterako orduan, gazteek oraindik ez zekiten zergatik atxilotu zituzten kideak. Gazteen abokatuaren berbetan, atzo gertatutako guztia «legez kanpokoa eta oso arraroa» da.
Gazte Asanbladako kideek bizilekua bortxatzeko delitua egitea egotzita salatu zituzten atzo okupatutako eraikinaren jabeen senide eta abokatua Okupazio Bulegoaren bitartez.
Orain hiru aste okupatu zuten Azokakale kaleko eraikinera sartu ziren atzo 11:00etan ertzainak, eraikineko jabeen senide bategaz eta segurtasunaz arduratzen den enpresa bateko langileagaz. Bertan, okupa modura bizitzen zeuden Gazte Asanbladako hiru kide identifikatu zituzten. Aurretik beste hiru zeuden identifikatuta.
Eraikineko jabeen senitarteko bategaz heldu ziren goizean ertzainak eraikinera, eta etxebizitzako sarrailak aldatu zituztela jakinarazi zuten asanbladako kideek. Gainera, kamerak eta alarmak jarri zituztela gehitu zuten bertara hurbildutako gazteek.
Azalpen eza
«Inolako azalpenik eman gabe» sarrailak aldatzen hasi zirela aitortu zuten asanbladako kideek: «Eremu publiko bateko eraikin pribatu batean daudela esan die ertzainek barruan zeudenei, besterik gabe». Eta, hirugarren solairuan «soilik» bizi direla argudiatuz, beste pisu guztietako sarrailak aldatu zituztela jakinarazi zuten gazteek.
Gertatutakoaren aurka agertu ziren gazteak, eta eraikina «bere osotasunean» erabiltzen dutela adierazi zuten: «Hirugarren solairua soilik okupatuta dagoela argudiatu dute ertzainek, baina argi dago hori ez dela horrela. Janaria, hozkailua edota hango gazteen objektu pertsonalak pisu guztietan egon dira».
Gainera, «blokera sartzen diren pertsona guztiak» identifikatuko zituztela esan zien ertzainek gazteei. «Eraikinera sartuz gero, jabeak bertan egotea nahi ez duten pertsona modura identifikatuko gaituzte», azaldu zuten Gazte Asanbladakoek.
Gertatutakoaren aurrean, goizean, epaitegira joan ziren asanbladako kideak, eta «eraikina okupatu eta geroko zapatuan, ertzainek egin zuten atestatuaz gain, ez dagoela salaketarik» esan zien epaitegian.
Horregatik erabaki zuten salaketa jartzea; izan ere, «legez kanpo» eta «irregular» moduan deskribatu zuten gertatutakoa. «Gu hemen bizi gara, ez dago gu hemendik irtenarazteko agindu judizialik; guztiz irregularra da gertatutakoa. Ilegala da egin duten guztia».
Bi aldeetako abokatuak elkartu ziren atzo eguerdian akordio batera ailegatu nahian, baina «akordioa jabeen alde egitea zenez», salaketa jartzea erabaki zuten gazteek, eta horrela egin zuten arratsaldean.
Usurpazio delitua
Gernika-Lumoko eraikina okupatu zutenetik identifikatutako Gazte Asanbladako sei gazteak «usurpazio delitua» egotzita salatu ditzakete.
Hala ere, gazteen arabera, jabeen senide eta abokatuak ustez egindako delitua «gogorragoa» da beraiek egin dutena baino.
Okupek eraikin barruan jarraitzen dute, eta borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Eta epailearen agindurik ailegatu ezean, bertan bizitzen jarraituko dutela adierazi dute.