Bermeoko alde zaharreko balkoi, leiho eta fatxaden lore lehiaketa egingo dute
Apirilaren 21etik maiatzaren 4ra antolatu du Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, hirugarren urtez ospatuko den lore lehiaketa.
Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadak apaintzea sarituko dute lehiaketan, eta horri hasiera apirilaren 21ean, zapatuan, Goiko plazan emango diote. Bertan, lore erakusketa eta azokatxoa, paella erraldoia, musika, eta eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa eta sari banaketa egingo dituzte.
Irune Ormaetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, “Lehiaketa eta ekimen horiekin guztiekin Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi dugu, Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko, guztiok berarekin gozatuz”.
Gaur goizean egin dute prentsaurrekoa, eta ekimen ezberdinen elkarteetako ordezkariak izan dira: Santi Murua Berualako zuzendaria, Aintzane Mugica eta Lourdes Ruiz Bermeoko Loradendakoak, Rosa Mari Gabantxo Peña Barruetako kidea eta Patxi Erauzkin Alde Zaharra Bizirik elkarteko ordezkaria.
Ormaetxearen hitzetan, “Guztion artean gure Alde Zaharra indartu eta edertzeko azken urteetan ematen ari garen pauso bat da”, Udalaren eta hainbat elkarteren arteko lanaren emaitza izanik. “Alde Zaharreko eraikinak loreekin bete nahi ditugu, honen irudia asko edertzen du eta; orain dela hiru urte, ideia hau elkarte ezberdinekin landu eta guztion artean martxan jartzea erabaki genuen. Lorekin dauden lekuak leku biziak dira, eta bizitasun hori adierazi nahi dugu lehiaketarekin”.
Parte hartzeko bi maila
Lore lehiaketa bi maila ezberdinetan banatuko da: balkoi eta leihoen maila eta fatxaden maila. Fatxaden kategorian parte hartuz gero, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartuko dute. Lehiaketan parte hartzeko Berualan edota Bermeoko lora dendetan eman behar da izena maiatzaren 2ra arte, edo Goiko plazan zapatuan, apirilaren 21ean, egingo den lora erakusketan azokan.
Epaileek islatutako bizitasuna, edertasuna eta osotasuna hartuko dute kontuan, eta maiatzaren 3an igaroko dira parte hartzaileen lanak ikustera.
Sariei dagokienez, leiho eta balkoi ederrenaren irabazleak 100 euro eta Aita Guria baleontzian lagun birentzako pase berezi bat jasoko ditu. Fatxadarik ederrenaren saridunak, ordea, 300 euroko saria eta etxebizitza bakoitzeko Aita Guria baleontzia bisitatzeko lagun birentzako pase berezia jasoko ditu.
Apirilaren 21ean, Goiko Plazan emango diote hasiera lehiaketari. 11:00etatik 14:00etara loreen erakusketa eta azoka egingo dute. Lorak ikusteaz gain, horiek erosteko aukera izango dute bisitariek. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek egun horretan izena emateko aukera ere edukiko dute azokan. Aintzane Mugicak postuek izango duten dibertsitatea nabarmendu nahi izan du: ekologiaren inguruan ariko diren postuak edota umeek barazkiak nola landu ikasiko duten postuak aurkitu ahalko dira azokatxoan.
Gainera, Patxi Erauzkinek azaldu duenez, Alde Zaharra Bizirik elkartearen eskutik “paella erraldoia dastatzeko aukera” izango dute bertaratzen direnek. Iaz egindako paellaren “arrakasta” ere azpimarratu du. Egun guztian zehar, 11:00etatik 20:00etara arte txosna bat izango da, musikagaz gozatzeko aukeragaz batera.
Halaber, Peña Barrueta elkarteak antolatuta, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egindako marrazki lehiaketa ere egingo dute. Rosa Mari Gabantxo Peña Barruetako kideak adierazi duenez, 12:00etan marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia eginngo dute. Bukatzeko, aipatu elkarteak arte lanak erakutsiko ditu Alde Zaharreko dendetan, eta bertaratutakoei fitxategiak banatuko dizkiete denda horietan.Betetzen dituztenen artean opariak banatuko dituztela aurreratu dute.
Ormaetxeak herritar guztiak gonbidatu ditu erakusketara eta azokatxora, helburua Alde Zaharrari “balioa ematea” izango dela ziurtatuz.