Lointek ligako titulua lortzeko kanporaketatik kanpo geratu da
Lointek Gernika Bizkaiak Star Center Uni Ferrolen kontra galdu ditu titulua lortzeko kanporaketaren bi partiduak. Denboraldia amaitu da talde gernikarrarentzatLointek Gernika Bizkaiak Dia Ligaren titulua lortzeko kanporaketa ez du gainditu, eta ondorio...
Lointek Gernika Bizkaiak Star Center Uni Ferrolen kontra galdu ditu titulua lortzeko kanporaketaren bi partiduak. Denboraldia amaitu da talde gernikarrarentzat
Lointek Gernika Bizkaiak Dia Ligaren titulua lortzeko kanporaketa ez du gainditu, eta ondorioz, denboraldia amaitu da talde gernikarreko jokalarientzat.Ligako titulua lortzeko kanporaketaren bigarren partidua 72-74 galdu zuen Star Center Uni Ferrolen kontra domekan, eta lehen partidua ere galdu zuenez (75-57), ez dute hirugarrenik jokatuko.
Defentsan ondo, erasoan serio eta aurreko neurketako hutsegiteak konponduz jokatu zuen etxeko taldeak. Zaleek Maloste bete zuten, eta beste behin horien berotasuna igarri zuten jokalariek. Naiara Diez, Itziar Ariztimuño eta Anna Gomez nabarmendu ziren etxeko jokalarien artean.
Ezohiko hasiera izan zuen partiduak, lehen hiru minutuetan hutseko markagailua izan baitzuten. Ariztimuñok estreinatu zuen markagailua. Dongue bizi zebilen, eta Llorentek kantxaratu ere segituan hirukoa sartu zuen. Argentinarrak lan bikaina egin zuen erasoan zein defentsan, eta Ariztimuño bilbotarrak ere saskiratzeak pilatzen jarraitu zuen. Zazpigarren minutua pasatuta, bost puntuko aldea zeukan etxeko taldeak (11-6).
Lehen laurdenean ideiak argi izan zituzten etxeko jokalariek, eta aurkariak estu hartu zituzten. Hirukoetan, baina, ez zuten asmatu, eta ondorioz, galiziarrek bi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (11-13).
Hurrengo minutuetan saskiratzeetan zehaztasun handiagoa izan zuten bi taldeek. Diez kapitainaren jokoa giltzarria izan zen; hirukoa sartu, eta ondoren, 5 metrotik jaurtiketa eginez, markagailuan aurretik jarri zen Lointek.
Galiziarrak lekua hartzen
Defentsan zein erasoan joko ona erakutsi zuen talde gernikarrak. 25-21eko markagailuagaz zeudela, Ferrolgo taldea deseroso zebilen; Prince jokalariarentzat baloiak lortzea zen euren helburua, baina hark lan handia zeukan etxekoen defentsa saihesteko. Atsedenaldirako bi minuturen faltan, hirukoa sartu zuen Diez kapitainak (30-25), eta, ondoren, Gomezen hirukoagaz zutik jarri ziren etxeko zaleak.
Lehen zatian lan txukuna egin zuen Lointekek, eta bigarren zatian maila berari eustea zen erronka. 37-28ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdena hasi, eta Pinaren eta Ariztimuñoren hirukoekin hamabost puntuko errenta lortu zuten (43-28). Galiziarrak Araujogaz eta Sanchezegaz aldea murrizten ahalegindu ziren, baina etxekoek ondo erantzun zuten.
52-46ko emaitzagaz heldu ziren azken txanpara. Etxeko jokalariek momentu latzak izan zituzten azken laurdenean. Trabatuta jokatu zuten, jokaldiak borobildu ezinik. Hori zuzendu guran, Mario Lopez entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen.
Amaiera zirraragarria
Partidua amaitzeko sei minutu falta zirela, 54na berdindu zuten. Taldeak gehien behar zuenean, Ariztimuñok hirukoa egin zuen. Llorente eta Caldwell elkar ulertzen zebiltzan, baina galiziarrak ez zeuden amore emateko prest, eta lehia amaitzeko bi minuturen faltan, markagailua irauli zuten: 61-63.
Azken minutu eta jokaldiak emozioz eta tentsioz betetakoak izan ziren. Azken jokaldian Uni Ferrolgo Scottek hirukoa sartu zuen, luzapena eraginez (68-68). Asko zegoen jokoan, eta hori ondo igarri zen bi taldeetan. Hutsegiteak eta urduritasunak nabariak ziren.
Luzapena amaitzeko bi minutu eta erdi falta zirela, 70na berdinduta zeuden. Azken minutuan, 72-74ko emaitzagaz, beste luzapen bat lortzeko aukera izan zuen Lointekek, baina Gomezek ez zuen asmatu bi jaurtiketa libreetan.
Beste behin ere, taldeak eta zaleek itxura bikaina erakutsi zuten, baina talde galiziarrak merezimendu osoz lortu zuen titulua lortzeko finalerdietarako txartela.