Herriko Irisgarritasun Planera bideratuko du inbertsio nagusia Elantxobeko Udalak
Martxoan burututako Osoko Bilkuran 2018. urteko aurrekontua 467.722,81 eurotakoa izatea behin betiko onartu zuen Elantxobeko Udalak. Aurtengo planteamendu ekonomikoa herriko garapenean dago oinarrituta, eta Herriko Irisgarritasun Plana bezalako inbertsioak egitera bideratuko da.
25.117,12 euroko superabitagaz eta 282.867,67 euroko gehikuntzagaz onartu zuen udalak 2017. urteko aurrekontuaren likidazioa martxoko osoko bilkuran; diru laguntzen “kudeaketaren bidez” lortu zuela hori adierazi du. “Herriko garapenaren alde egiteko ahalik eta errentagarritasun gehien bilatzeko lana ezinbestekoa da”, adierazi du udalak. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du Bizkaiko Foru Aldundiako, Eusko Jaurlaritzako edota Europako erakundeetako “diru laguntzen kudeaketa eraginkorra“.
2018. urterako 467.722,81 euroko planteamendu ekonomikoa onartu den arren, diru laguntzen bitartez zenbatekoa handitzea espero du udalak. Josu Olagibel Elantxobeko alkateak Bizkaiko Foru Aldundiak udalari ematen dion diru laguntzagaz “babestuta” sentitzen dela adierazi du: “Udal gobernuko betebeharrak ondo egiteko lan egiten dugu. Gardena, zehatza eta planteamendu ekonomiko erreala duen kudeaketa lan zorrotzari esker aurrera egitea lortzen dugu”.
Inbertsioak. Aurtengo planteamendu ekonomikoa herriko zerbitzuak mantentzera eta egiturazko inbertsio berriak egitera bideratuta dago.
Inbertsio nagusia Herriko Irisgarritasun Plana bi urtetan burutzeari zuzenduta dago. Izan ere, udalak 800.000 euroko aurrekontuagaz egiteko asmoa du. Aurton, Irisgarritasun Planaren lehen fasea egingo da. Bertan, Talaiako Begiratokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte; barandak ezarri edota terrazaren lautze lanak egin. 2019. urterako 55 metroko pasabidea egitea aurreikusten du udalak.
Aurrekontuagaz egiteko proiektu nabarmenen artean, Talaiako Begiratokiaren birgaikuntza eta atontze lanak egitea espero da; euste hormaren egokitze eta atontze lanak egiten hasiak dira dagoeneko. Lan hauetarako Elantxobeko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz kudeatu du diru laguntza; 164.117,80 euroko diru laguntza emongo du aldundiak, eta gainontzeko 40.000 euroak udalak ordainduko ditu.
Martxoko osoko bilkuran Bidekalea, Begiratokia eta Portukalearen arteko ibilbide mekanikoa egiteko diru laguntzen ukatzeari buruz informatu zuen udalak. “Irisgarritasunaren alde” egitea helburu duen proiektua ukatzea “aurretiko irisgarritasun plana” ez izateagaz eta “aurrekontu ezagaz” justifikatu du. Hala ere, hurrengo deialdietan ibilbide mekanikoa burutzeko diru laguntzak eskatuko dituela jakinarazi du udalak.
Eskaerak. Azken osoko bilkuran gainera, Madalena Egunean udal kiroldegiaren beheko solairuaren barnean txosna bat ezartzeko eskaera egin zuen arraun elkarteak, eta udalak onartu egin zuen eskaera: “Udalak Madalena Egunerako autobabeserako plana dauka, eta txosna hau erantzukizun zibilaren barne egongo da, udal eraikina baita. Txosna ezartzeko baimenagaz, herriko arraun elkarteari laguntza ematen dio udalak, egun horretan diru sartze handia lortzen baitu taldeak”. Aurton gainera, portuko tabernek zabor edukiontzi gehiago eta kanpoko komun publiko eramangarri gehiago ezarri beharko dituzte.