Maria Zorroza Iriondo gernikarra, helmugan.
Argazkia: Ereñoko Gerandape Herri Kirol Taldea.
Atzo lehiatu zuten Urdaibai Koparen bigarren lasterketa. Goñi natxituarrak ordubete, 34 minutu eta hiru segundotan amaitu zuen proba, eta Zorroza gernikarrak, ordubete, 56 minutu eta 36 segundoko marka lortu zuen.
Alfonso Fernandez helmugaratu zen Goñiren atzetik; irabazlearengandik sei minutu eta 50 segundora heldu zen.
Iñigo Arias izan zen hirugarrena. Goñirengandik hamabi minutu eta 31 segundora sailkatu zen Arias.
Enara Oronozek eta
Onditz Iturbek osatu zuten emakumezkoen podiuma. Oronozek Zorrozak baino hamar minutu eta 24 segundo gehiago behar izan zituen 21 kilometroko lasterketa burutzeko. Iturbe bi ordu, 11 minutu eta 50 segundoko denboragaz sailkatu zen hirugarren.
Mendi lasterketa eta martxak kontuan hartuta,
ia 400 parte hartzaile batu ziren atzo. Ereñoko Gerandape Kirol Klubetik jakitera eman dutenez, 220 pertsonak egin zuten 21 kilometroko martxa, eta 110 pertsonak 10 kilometrokoa. Lasterketa, berriz, 61 korrikalarik lehiatu zuten.
Aurten ibilbidea apur bat aldatu dute. “Baso batzuetan egiten dabiltzan lanen ondorioz ibilbidea apur bat aldatu genuen. Earantz hurbildu ginen, eta ibilbidearen zuhaiztietako partea ere asko gustatu zitzaion jendeari. Aurreko egunean eta gauean egindako euriaren ondorioz, basa asko egon zen, baina, parte hartzaileei ibilbidea gustatu zitzaien, eta pozik gaude”.
Urdaibai Kopa
Martxoaren 4an Ibarrurin hasi zuten VI. Urdaibai Kopa, eta Ereñoko probaren ostean,
Gernika-Lumon lehiatuko dute hirugarrena,
ekainaren 3an.
Ondoren, udan eta udazkenean bina proba lehiatuko dituzte. Ean (uztailak 7), Gautegiz-Arteagan (irailak 9), Foruan (irailak 30) eta Gorozikan (urriak 7) izango dira.
Bi proba lehiatuta, Ibon Bilbao eta Onditz Iturbe daude lehenengo postuetan behin behineko sailkapenetan.
Gizonezkoenean, Bilbao eta Unai Intxaurraga 94na puntugaz berdinduta daude, eta Kepa Bastegieta dago hirugarren, 87 puntugaz. Emakumezkoen behin behineko sailkapenean Onditz Iturbe dago lehen postuan, 95 puntugaz. Leire Monasterio bigarrenak 91 puntu ditu, eta Leire Sanchez hirugarrenak 86 puntu. Sei korrikalari horiek lehiatu dituzte Ereñoko eta Ibarruriko lasterketak.