«Barroterik gabeko kartzelara» begira
Amnistia Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon, hirugarren urtez. Iheslariei eta deportazioari buruzko hitzaldiagaz hasi zuten eguna. Kalejira eta herri bazkaria egin ostean, musikagaz amaitu zuten.Hirugarren urtez, Amnista Eguna antolatu zuten zapatuan...
Amnistia Eguna ospatu zuten zapatuan, Bermeon, hirugarren urtez. Iheslariei eta deportazioari buruzko hitzaldiagaz hasi zuten eguna. Kalejira eta herri bazkaria egin ostean, musikagaz amaitu zuten.
Hirugarren urtez, Amnista Eguna antolatu zuten zapatuan, Bermeon. Euria etengabe ari bazuen ere, aterpe ezin hobea aurkitu zuten kostaldeko herrian: Kabidxe.Iheslariei eta deportazioari buruzko berbaldiak eman zion hasiera egunari. Fernando Gorospe iheslari ohia eta Emilio Marigorta Cabo Verden bizi den iheslari deportatua izan ziren goizeko protagonistak.
Marigortak skype bidez egin zuen bideo deia, Cabo Verdetik. Bertan bizi da erbesteratua, baina horren aurretik, Ipar Euskal Herrian eta Argelian bizi izan da. Guztira, 44 urte daramatza sorterritik kanpo. «Lagun bat atxilotu zuten, eta erbestera joatea erabaki nuen nik, kartzelaren eta torturen beldur». Hala, Ipar Euskal Herrira joan zen, errepresioa saihestekotan. «Ez nekien zenbat denborarako egongo nintzen atzerrian, baina luzarorako izango zela banekien. Inoiz bueltan etortzeko aukera ere bazegoela jakitun nintzen. Hala eta guztiz ere, ez ninduen denborak asko arduratzen; nire idealak nituen, eta horiekin egin nahi nuen aurrera».
Jarraipena urrunetik
Urrunetik jarraitu du bertoko borroka, milaka kilometrora, eta horrek borrokaren erabat kontziente ez izatea eragin dio. 19 urte zituela egin zuen ihes Euskal Herritik, eta 63 urte ditu orain. «Aldaketa asko ez ditut ulertzen; izan ere, nik 19 urtegaz alde egin nuen, eta orduko idealekin jarraitzen dut». Dena den, milaka kilometrora bada ere, borroka egiten jarraitzen du.
Fernando Gorospe iheslari ohiak hartu zuen Marigortaren osteko hitza Kabidxen. Aitortu zuen ihes egiterakoan, ez zegoela etorkizunera begira; «klandestinitatea ahalik-eta modu onenean bizi nahi nuen», esan zuen. Euskal Herriko borrokagaz bat egiten jarraitu zuen, tokian tokiko borrokagaz. Iparraldetik Venezuelara abiatu zen, eta han igarotako urteetan kapitalismoak zapaldutako borrokaren parte izan zen. Argi utzi zuen iheslariek ez dutela plazerragatik ihes egiten, eta erbesteratutakoen artean ere, «momentu oso latzak» bizi dituztela nabarmendu zuen; «barrote gabeko kartzela bat da erbestea».
1992. urtean utzi zuen Euskal Herria Gorospek, eta 2015. urtean bueltatu zen. Marigortaren iritzi berekoa da: «Borrokak merezi duela» sinesten du.
Hitzaldiagaz amaitu eta kalejira egin zuten. Ondoren, bazkaritan elkartu ziren 65 bat lagun Kabidxen bertan. Bazkal ostean, bertso eta rap musikagaz gozatzeko aukera eduki zuten, eta, iluntzean, musika kontzertuak egon ziren aukeran: Tximino, Vomitando Desperdizios eta Primeros Auxilios. Jon Sered DJ-ak ere girotu zuen Kabidxe ondorengo minutuetan.